HARTZEA LOPEZ ARANA - 7K
BARKOXE

Bizkaian sortutako artista xiberotarra

Gonzalo Etxebarria (1953) azken urteotan euskal artearen izen handien artean kokatuz joan da.

Gonzalo Etxebarria Mendikota herria duen arte tailerrean. (Joanes ETXEBARRIA)
Gonzalo Etxebarria Mendikota herria duen arte tailerrean. (Joanes ETXEBARRIA)

Sortzez bilbotarra, artista xiberotarra dela esan genezake, bere lana eta ibilbidea lurralde honi lotuta baitago. Margolari espresionista abstraktua (paper eta oihal gainean pigmentuz eta kolaz margotzen du) marrazkilari eta eskultorea ere bada. Madrilgo Arkitektura Eskolan urtebete egin ondoren, Debako arte eskolan egin zituen ikasketak 1974-76 urteetan Oteizaren babespean. Sorterritik ihesi joan behar izan zuen 1983an eta, tarte bat Parisen egin ondoren –«bertan bergarar bat ezagutu nuen, eta arte ederretan ari zela esan zidan. Arte ederren eskolara joan nintzen ni ere marraztera»–, Xiberoako Mendikota herrian kokatu zen.

Bertan Uztaro tailerra sortu zuen. Geroztik, Xiberoa inspirazio iturri nagusi dauka bere obretan. Erakusketa ugari egin ditu eta bere lanak izen handiko bilduma pribatuetan daude. Ordezkatuta dago Urdazubiko klaustroan euskal artearen gaineko erakusketa iraunkorrean. «Gaiak beti berdinak izaten dira: zerua, lurra, mendiak eta espektroak –dio–. Lurraren eta zeruaren arteko lotura horrek asko inspiratu nau».