NAIZ.INFO
DONOSTIA

Toshiko Akiyoshi pianista japoniarrak jasoko du aurtengo Donostiako Jazzaldia Saria

Uztailaren 23tik 27ra bitartean ospatuko den Donostiako 49. Jazzaldiak programazioan iragarritako izen handi guztiak berretsi ditu eta aurtengo Donostiako Jazzaldia Saria Toshiko Akiyoshi pianista eta orkestra zuzendariari emango zaiola iragarri dute arduradunek aurkezpen ofizialean.

Donostiako 49. Jazzaldiaren aurkezpen ofiziala. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Donostiako 49. Jazzaldiaren aurkezpen ofiziala. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Jaialdiak urtero eman du Donostiako Jazzaldia Saria 1994tik, eta aurten beste izar bat gehituko dio zerrenda horri: Toshiko Akiyoshi, jazzak azken hamarraldiotan eman duen artista eraginkorrenetako bat.

Saria emateko ekitaldia –aurretik piano kontzertu bat emango du bakarka Toshiko Akiyoshik berak– uztailaren 25ean izango da, eguerdian, Basque Culinary Centerren, eta sarrera librea izango da aretoa bete arte. Gainera, Akiyoshik bere senar Lew Tabackinekin batera zuzentzen duen laukotearen buruan joko du, uztailaren 26an, 18.30ean, Kursaalen.

Donostiako Victoria Eugenia antzokian egin den aurkezpen ekitaldian, 49. Heineken Jazzaldiko agertokietatik igaroko diren artista guztiak arituko direla berretsi da, hau da, Ray Davies, Bobby McFerrin, Chick Corea & Stanley Clarke, George Clinton, Nicholas Payton, Sun Ra Centennial Dream Arkestra, Dee Dee Bridgewater, Echo & The Bunnymen, John Scofield, Dave Holland, The Horrors, Delorean, Muhal Richard Abrams, Bugge 'n' Friends, Enrico Rava, Snarky Puppy, James Vincent McMorrow, Eric Reed, L'Ochestre d'Hommes-Orchestres, Wadada Leo Smith, Wire, Vintage Trouble, Kristin Asbjornsen, Austra, eta beste hainbat.

Horrela, jazzaldi donostiarrak 107 kontzertu programatu ditu eta horietatik 73 doan izango dira. Guztira, 22 nazionalitatetako 362 musikarik joko dute Donostian uztailaren 23tik 27ra. Agertokiak 16 izango dira, eta gehitu direnen artean daude San Martin Azoka –gastropotean bi saio berezi eskainiko dira–, Maria Cristina Hotelaren Terraza, Frigo Guneko FNAC Karpa eta Dabadaba taberna.

San Telmo

Bestalde, 2016an Donostia Europako kultur hiriburu izango dela kontuan izanda, San Telmo Museoan bost kontzertu emango dira euskal eta europar musikarien arteko lankidetzaren emaitza modura. Iñaki Salvador piano-jotzaileak bi duo osatuko ditu bi artista poloniarrekin: Andrzej Olejniczak saxofoi jotzailearekin bata eta Maciej Fortuna tronpetariarekin bigarrena.

Halaber, Aitor Furundarena soinu jotzaileak kontzertu inprobisatu bat emango du Pascal Battus frantses musikari esperimentalarekin, eta Kukai dantza konpainiak, Sabin Bikandik eta John Tilburyk dantza eta musika uztartuko dituzte «Bat-batean» izenburuko ikuskizunean.

Gainera, Hasier Oleaga bateria jotzaileak, Guillermo Lauzirica teklistak eta VJ Fanfy frantses bideo artistak osatzen duten Telmo Trio hirukoteak musika elektroakustikoa eta ‘videomapping’ delakoa nahasten dituen emanaldia eskainiko dute.

Euskal jazza

Bestalde, euskal musikariz –osorik edo partzialki– osatutako taldeak 37 izango dira edizio honetan. Jada aipatutakoez gainera (Delorean, Agertoki Berdean joko duena, eta San Telmon arituko direnak), urtarriletik apirilera artean egindako hautatze prozesuan aukeraturiko hamar talde daude: Reunion Big Band, The Soul Messengers, Sky Beats, Donostiako Musika Eskola Big Band, Luismi Segurado Trio, SMUZ Trio, Bost, Seminal Jazz, Garob eta FMA Trio.

Horrez gain, 2013. urtean diskoa argitaratu zuten bost talde arituko dira: Maracas para dos, Ander Garcia, Victor de Diego Trio, Nevermind Trio eta SB3 Trio.

So Brass, Proyecto Viruta eta Crossroads taldeek Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiak proposatuta joko dute, eta 19 talde gehiago arituko dira Nauticoolen, Maria Cristina Terrazan eta FNAC Karpan.