Maider IANTZI

Euskararen indarraren islak

Kontseiluak Iruñeko ekitaldian irudikatu bezala, euskarari ezartzen dizkioten traba eta harresien gainetik behin eta berriz altxatzen dira euskararen zutabeak Nafarroan, herritarren ahaleginari esker. Lau zutabe bildu ditugu erreportaje ttiki honetan, euskaldunen indarraren isla: Anaitasunako arratsaldea bera, Euskal Herria goitik behera eta ezkerretik eskuinera euskararen koloreez margotu zuen Korrika, Errigora Erriberatik datorren aldeko haizea, eta aurten Baztanen eginen den Nafarroa Oinez.

Kontseiluaren ekitaldia Anaitasunan. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)
Kontseiluaren ekitaldia Anaitasunan. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)

Hunkigarria izanen zela iragarri zuten eta hala izan zen joan den apirilaren 25ean Iruñeko Anaitasuna kiroldegia bete zuen ekitaldia. Kontseiluak mimo handiz prestatutako hitzorduan, Euskara Nafarroan bizirik dagoela eta horretarako milaka lagunen esfortzua ezinbestekoa dela aldarrikatu zuten, baita abian den aldaketak hizkuntz politikan erabateko eragina izan behar duela ere.

Hilabete bat lehenago, martxoan, euskararen aldeko (eta edozeren aldeko) mobilizaziorik handiena hartu zuen Euskal Herriak, beso zabalik hartu ere. AEK-k antolatutako Korrikak marka guztiak hautsi zituen bere 19. edizioan, elur, haize eta euri kolpeek kikildu ez zituzten zoro zoragarriei esker. Pirinioetan goiti eta beheiti, Baztango behe lainoan argi bat piztuz, Iruñeko jendetzak bultzatuta edo Erriberan dabilen aldeko haizeak putz eginda, Nafarroako bazter guztiak euskahaldundu zituen.

Korrikarekin bat egin zuen, bertzeak bertze, Errigorak. Ekimen herritar honek Euskal Herria du oinarri, elkarlana lanabes eta Nafarroa hegoaldea ardatz. Euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretako produktuei Euskal Herrian bidea emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz.

Martxoaren 4an bukatu zuen oliba olioaren kanpaina, datu hagitz onekin. Euskal Herri osoko 52 herritara ailegatu zen. 9.100 bidoi banatu zituen, 45.500 olio litro, iazko bikoitza. Maiatz honetan kontserben txanda izanen da.

Eta, euskararen indarra azaltzeko aukeratutako azken isla, ‘Hama… bortz, ama... bat’ lelopean Elizondoko Baztan Ikastola antolatzen ari den Nafarroa Oinez jaialdia. Zangozako ikastolak pasatu zion lekukoa joan den urrian, edizio benetan arrakastatsu baten ondotik. «Aurreikuspen guztiak gainditu zituela» adierazi zuten Zangozarrek. Heldu den urriaren 18ko bestaren helburua, euskarari bultzada emateaz gain, azpiegiturak hobetu eta handitzea da. Baztan Ikastolak 201 ikasle eta 14 irakasle ditu.