Jose Angel ORIA

Bakartuta, Burundiko presidentea atzera egiten hasia da

Pierre Nkurunziza Burundiko presidenteak datorren astean egitekoak ziren udal eta Parlamenturako hauteskundeak hamar egunez atzeratzea erabaki du, kaleak bere aurkako manifestariz beteta daudela. Atzerritik ere agintea beste bati uzteko gomendatzen diote.

Hilaren 26an egitekoak ziren bozketak ekainaren 5ean egingo dira, atzo jakinarazi zutenez, baina ekainaren 26rako iragarrita dauden presidentetzarako hauteskundeei buruz ez du oraindik ezer esan Gobernuak.

Willy Nyamitwe presidentearen eledunak esan zuen hauteskunde batzordeak proposatu zuela udal bozketak atzeratzea, «nazioarteko komunitateak, eskualdeko herrialdeek eta oposizioko alderdiek egin duten eskariari erantzunez». Protesta ugari (hogei hildako eta makina bat zauritu) eta estatu-kolpe ahalegin bat egin dituzte burundiarrek Nkurunzizaren asmoei aurre egiteko. Presidenteak bi agintaldi egin ditu karguan eta, Konstituzioak dioenez, ezin du hirugarrena egin. Baina berak dio lehenengoa ez dela zenbatu behar, Parlamentuak aukeratu baitzuen, ez herritarrek.

Afrikako herrialde askotan tankerako zerbait gertatzen ari da: Konstituzioak agintaldi kopurua mugatu egiten du, baina agintariak bestelako asmoak ditu eta ahal duen guztia egiten du karguan jarraitzeko. Herritarrek ez dute hori onartzen, ordea, eta beren bizitza arriskuan ipinita manifestazioak eta era guztietako protestak egiten dituzte.

Horixe gertatzen ari zen Burundin azken asteotan, baina Nkurunzizak ez ikusiarena egiten zuen. Hilaren 13an, Tanzaniako Dar es Salaam hirian zegoela, bere aurkakoei jaramon egin beste erremediorik ez zitzaion geratu, estatu-kolpea egin zioten-eta. Godefroid Niyombare jeneralak antolatu zuen, hau da, presidentearen beraren ondoko militarrak, zerbitzu sekretuen buru ohi eta enbaxadore ohiak. Irrati pribatu txiki bat erabili zuen presidentea kargutik kendu zutela jakinarazteko eta, tiro bat bera ere egin gabe, milaka lagun irten ziren kalera berria ospatzera. Aldi berean, aireportua bereganatu zuten agintariaren aurkakoek, eta Nkurunziza Burundira itzuli ezinik geratu zen.

Porrotaren arrazoiak

Thierry Vircoulon International Crisis Group taldeko analistak nabarmendu du Niyombare agintean dagoen alderdiko segurtasun arduradunen artean zegoela, baina ez zuela onartzen presidentea hirugarren aldiz aurkeztea. «Beste jeneral batzuk ere bere egoera berean daude, baina bera da gehien ikusten dena. Otsailean kendu zuten kargutik, presidenteari hirugarrenez ez aurkezteko gomendatuz eskutitza bidaltzeagatik».

Vircoulonek egiten duen irakurketaren arabera, estatu-kolpea jotzeko ahalegina hasi zenean herritar asko irten ziren kalera beren poza adieraztera. Manifestariak militarrekin adiskidetzen saiatu ziren, baina ez zuten Bujumbura hiriburuko erdiko gunea hartu. Militar batzuk kolpistekin ados zeuden, baina ez nahikoak. Eta hedabide publikoak Nkurunzizaren aldekoen kontrolpean zeuden. Kolpistek ez zuten lortu oposizioko alderdien babesik, helburu bera izan arren.

Kolpeak porrot egin zuen, baina Burundiko krisi politikoak konpondu gabe jarraitzen zuen. Gainera, 100.000tik gora herritarrek ihes egin dute herrialdetik. Askok adierazi dute Nkurunzizak karguan jarraituz gero indarkeria nagusituko dela Burundin (gogoan dituzte hutu eta tutsien arteko sarraskiak, 1972az geroztik 500.000tik gora hildako eragin zituztenak), eta horregatik erabaki dutela ihes egitea. Esaten dute autoritarismoak eta ustelkeriak gora egin dutela Nkurunzizaren bigarren agintaldian, eta behera, zerbitzu sozialek eta garapen ekonomikoak.

Afrikako ekialdeko herrialdeek ez dute bat egin kolpistekin, baina Nkurunzizari esan diote egoera bere onera etor dadin bozketak atzeratzea komeni dela, agintariek eta oposiziokoek bake elkarrizketak egiten dituzten bitartean. Uhuru Kenyata Kenyako presidenteak horixe esan zion Nkurunzizari telefonoz astelehenean egindako deian. Hegoafrikan zegoen Kenyata, Burundiko 2000ko bake negoziazioetan sekulako garrantzia izan zuten agintarien (Mandela eta Zuma) herrialdean. Zumak berak ere orain aste pare bat ordezkariak bidali zituen Bujumburara presidentea hirugarrenez aurkeztu ez dadin konbentzitzeko.

Presidentea atzera egiten hasia da, baina manifestarientzat ez da nahikoa. Atzo goizaldean ehunka lagun elkartu ziren hiriburuan protestekin jarraitzeko. Poliziak eraso egin zien. Lekukoek diote tiro batzuk ere entzun zirela. Krisiak bizirik segitzen du.