Nagore BELASTEGI

Aniztasuna nagusi Elgoibarko Euskal Eskola Publikoaren jaian

Balio baikorrak islatzen dituen festa izaten ari da: kulturaniztasuna, haur eta helduen arteko harremana, elikadura osasuntsua, kirola eta euskara. Iluntzean amaituko da Laurobaren kontzertuarekin.

Milaka lagun batu dira Elgoibarren. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Milaka lagun batu dira Elgoibarren. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Euska Eskola Publikoaren festa ospatzen ari dira Elgoibarren. Sei gune desberdindu dituzte eta guztietan etengabeko giroa dabil. Goizean Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsen ikuskizunak bildu ditu hau gehienak baina amaitu bezain laister barreiatzen joan dira gainontzeko txokoetatik.

Izan dira bereziki arrakastatsuak izan diren ekintzak. Adibidez, emakume marrokiarrek henna tatuajeak egiten zituzten eskuetan eta ilara luzea sortu da haien inguruan, non neskatxak eta amak zeuden. Emakume afrikarrak trenzak egiten ibili dira eta hauek ere lan galanta izan dute. Ekintza hauek 14.00etan amaitu dira eskolako gurasoak zirelako eta goiz osoan aritu ostean atsedena hartu behar zutelako.

Eguerdian herri bazkaria egin dute elizako arkupetan. Ondoren, goizean abiatutako perkusio tailerrari jarraipena eman diote; txikiek tinbalak hartu dituzte eta gurasoak dantzan ari dira.Bitartean, kale animazioa dago baita antzerki eta ipuin kontalaria ere. Lomce legeari aurre eginez benetako euskal eskola publiko bat aldarrikatzen duen festa iluntzean amaituko da, Laurobaren kontzertuarekin (18.00-20.00).