
Atzo lau urte, Norvegian «bake egoeran» inoiz ezagututako sarraski handiena gertatu zen. Multikulturalismoaren eta immigrazioaren aurkako gurutzadan ziharduela aldarrikatuta, «marxismoaren eta islamismoaren aurkako ekintza» zela argudiatuta, Anders Behring Breivikek izugarrikeria latza burutu zuen.
Aurrena 960 kiloko lehergaia gordetzen zuen bonba-autoa zartarazi zuen Oslo hiriburuko erdigunean, Gobernuaren egoitzak dauden auzoan. Gero, poliziaz jantzita, Utoyako irlara joan eta Alderdi Laboristako gazteen udako kanpamentuan bilduta zeuden 69 gazte eta gaztetxo, bata bestearen ondotik, banan- banan hil zituen tiroz. Orotara, 77 hildako eta 270 zauritu utzi zituen. Herrialde oso bat shock egoeran, eta erantzunik gabeko galdera sorta, airean.
A-tik Z-ra den-dena kontatu
Teorian, bazirudien Norvegia erretolika suharbera supremazistaren aurrean beste herrialde batzuekin alderatuta immuneagoa zela. 1960ko hamarkadan aurkitu ziren petrolio erreserbek munduko herrialde aberatsenetarikoa izatera eraman zuten, estatu laguntza eta ongizate sare sendokoa eta apenas langabeziarik duena.
Praktikan, baina, alderantzizkoa gertatu zen. Hala ere, Breiviken ekintzen aurrean Norvegiak eman zuen erantzun lasai, arduratsuak, eta bere balio demokratikoen defentsa argiak munduan jende asko harritu zuen. Arrosa gorriak eskuetan, ia herritar oro kaleratu zen, keinu serioz baina izan zirena eta izango direnaren arrastoan segitzeko borondate osoaz.
Sarraski haren laugarren urtemugan, hildakoen memoria ohoratzeko, bizirik daudenen min eta traumei aurre egiteko eta gertatu zena kontatzeko hainbat memorial inauguratzen ari dira. Aurrena, bonba-autoa zartatu zen gunean, besteak beste, leherketaren hondakinak eta Breivikek erabili zituen polizia plaka faltsifikatuak erakusten dituena. Laster inauguratuko da, halaber, “Memoria zauritua” izenekoa, Utoya pareko irlatxo bat erditik banatuko duen Jonas Dahlberg artista suediarraren lan erradikal eta ausarta. Tragedia haren zauriak modu fisiko eta zuzen batean erakusten dituen eta mundu mailan miresmena eskuratu duen obra perla.
Izan da, izan denez, Breiviken jarraitzaileek memorialok nolabaiteko panteoi bilakatu ditzaketen kezka, bertan haren figura goratuko ote duten. Hildakoen senideek, ordea, guztiz kontrakoa diote. Irlako hutsuneak, paisaiaren zauri horrek, egun tragiko hartako biolentzia guztia islatzea positiboa dela diote. Bat-bateko galeraren zentzu-emaile, hildakoen ausentzia presentzia egin eta itzultzen utziko ez dena ez dela itzuliko erakusten duen borondate kolektiboa delako. Zorigaitz hura A-tik Z-ra kontatuz, ezer gehitzeke eta deus gordetzeke.
Lau urte eta gero, normal bizitzeko eta lan egiteko traumatizatuegi
“Scandinavian Psychologist” kazetan argitaratutako ikerketa baten arabera, Utoyan hildako gazteen hamar gurasoetatik seik min handi eta trauma osteko estres sakon baten sintoma argiak dituzte.
Lanera bueltatzeko traumatizatuegi daude eta lo hartzeko, ilaran egoteko edota larrialdi-irteerarik gabeko espazioetan sartzeko ezgai dira.
Izan ere, hildakoen erdiak telefonoz eta SMS bitartez beren gurasoekin kontaktuan zeuden Breivikek tiroz hil zituenean. M.Z.

Insultan a una esquiadora italiana por hablar ladino en una entrevista

La sanción a un mando por tocamientos a una cantinera desata una reacción machista en Irun

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

La Audiencia Nacional ordena el ingreso en prisión de Arantza Zulueta y Jon Enparantza
