NAIZ
BILBO

Bilboko konpartsak auzolanean arituko dira eraso sexistarik gabeko jaien alde

Eraso sexistarik gabeko jai batzuen alde indarrak batuko dituztela iragarri dute konpartsek. Honela, azpimarratu egin dute «denen ardura» dela jai parekideak lortzea.

Konpartsek Bilbon emandako prentsaurrekoa. (BILBOKO KONPARTSAK)
Konpartsek Bilbon emandako prentsaurrekoa. (BILBOKO KONPARTSAK)

«Inolako erasorik gabeko jaiak nahi ditugulako gure esku dauden ahalmen eta indar guztia jarriko dugu», adierazi dute konpartsek Bilboko jaigunean emandako prentsaurreko batean.

Jaiak «parentesia balitz bezala» ulertzen ditugula nabrmendu dute, baina «egunero gure jendartean errepikatzen diren genero sistemak erreproduzitu» egiten ditugula salatu eta eraso hauen aurrean antolatzeko eta erantzuteko premia dagoela defendatu dute.

Zentzu honetan aurtengo udan eta bereziki jaietan izandako eraso sexistak ekarri dituzte gogora.  «Hausnarketa sakona egin behar dugu eta gogoan izan, jaietan emakumearen irudia iraindua bada, gure gorputza kosifikatua bada, gutxietsia bada, bortxatua bada eta erasotua bada, gure ardura dela horri etena jartzea, aktiboki aurrea hartzea eta kolektiboki salatzea».

Honen aurrean, konpartsek erasoei aurre egiteko «auzolanean martxan» jarriko direla adierazi dute. Euskarri ezberdinak banatu eta lanaren zergatia azalduz eta berresanez, erasoekin amaitzea dute jomuga, jai parekideak lortzea «denon ardura» dela azpimarratuz.

Udalak erasoak amaitzeko inplikazioa eskatu die herritarrei

Bilboko Udalak herritarren inplikazioa eskatu du jaietan eraso sexistekin amaitzeko. Egun hauetarako kanpaina aurkeztu du Itziar Urtasunek, Berdintasun zinegotziak. Jarrera sexista ororen aurrean «tolerantzia zero» izango dutela adierazi du.

«Ez beti da ez. Ekina jazarpena da, jazarpena erasoa da» lemapean, berdintasunean «errespetuz eta libreki gozatzeko» jaiak sortu behar direla nabarmendu du.