NAIZ
MAULE

Dominika Agergarai euskaltzale eta pilotazalea zendu da

Dominika Agergarai, ‘Olhaso’ bezala ezagutua zena, zendu egin da. ELB sindikatuko ordezkaria izateaz gain, Azkorria kooperatibaren bultzatzaileetariko bat izan zen. Urriaren 22an ehortziko dute, 16.00etan Urdiñarbeko elizan.

Dominika Agergarai. (Allande SOKARROS)
Dominika Agergarai. (Allande SOKARROS)

Dominika Agergarai xiberotarra astelehen arratsaldean zendu zen, 59 urte zituela. Sortzez Muskildikoa zena, Urdiñarben bizi zen egun. Laboraria, bertsozalea, pilotazalea eta abertzalea zena urriaren 22an ehortziko udte, 16.30ean Urdiñarbeko elizan.

«Dominika egiazko plaza gizona zen, jendeekin harremanak izugarri gustuko zituen eta hori talde batean biziki inportanta da. Partikularki kooperatiba baten sortzeko eta garatzeko tenorean», deskribatu du Azkorria kooperatibako koordinatzailea den Peio Elgoeynek, Kazetak berri eman duenez. Alabaina, horretan ibili zen Dominika Agergarai beste lau lagunekin. 2004an sortu zuten Muskildiko Azkorria gasna kooperatiba. Gaur egun 16 pertsona dira bertan lanean. Taldea kalitatezko gasna egiteaz arduratzen da.

Ororen gainetik Hego Euskal Herriarekin harremanak sustatzea zuen xede, Peio Elgoyenek gogoratzen duenez, Azkorrian bertan eta baita artzaintzan eta kulturaren arloan ere. Kooperatiban komertzial lanaz arduratzen zen eta hark aurkitzen zituen Hego Euskal Herriko bezeroak.

Aldi berean, etxaldeaz arduratzen zen. Xiberotik kanpo ibili ondoren, Urdiñarbera joan zen bizitzera,  emaztearen etxaldera. ELBko kide gisa ere ezaguna zen eta ororen gainetik, Müsikaren Egünaren antolatzaile gisa, kultura topaketa, eztabaida eta festa uztartzen dituen urteroko hitzordua.