Maitane ALDANONDO

Txokolatearekiko pasioa, urtetako ahalegina eta ondarea osagai

Oñatiko Txokolateixia denda bat baino gehiago da. 2008an ateak ireki zituen Anton Azpiazuren ekimenez eta interpretazio zentro bilakatzeko xedez. Txokolatea saldu eta dastatzeko emateaz gain, elikagai preziatuak herriarekin duen lotura ezagutarazten du.

Oñatiko txokolate ondarea eta tradizioa berreskuratzea da Anton Azpiazuk aspalditik zuen asmoa. Horretarako abian jarri zuen turismoa, merkataritza eta gastronomia batu zituen proiektua. Ia hiru hamarkada igaro ditu herriaren ikur izan zen kakaozko gutiziari buruzko interpretazio zentro bat sortu nahian. Halako gune baten beharra erakundeei eta herritarrei erakusteko, lehenik, liburu bat idatzi eta azokak egin zituen. Ondoren, 2008an, Txokolateixia denda ireki zuen Klaxk txokolate kofradiak babestuta. Bere poltsikotik ordaintzen zituen soldatak eta bestelakoak, iaz ametsa gauzatzea lortu zuen arte.

Interpretazio zentroak Martin Orbea txokolategia zegoen eraikinean zabaldu zituen ateak eta bertara eraman zuten saltokia ere. Udalak bere gain hartu zuen alokairua, eta, gunearen kudeaketa lehiaketara atera zuen; Ane Astigarragak eta Oihana Diazek osatutako ondasun elkarteak irabazi zuen lehiaketa.

Toki askotan lanpostuak eta tradizioak galdu direla ikusita, Azpiazuk berak bizitakoa mantendu nahi izan zuen. «Hemen gauza asko galdu dira, aterki fabrika, zotz fabrika... Erakuts dezakezu, baina, gerora, nola mantentzen duzu? Diru-laguntzekin edo sarrerekin ezin da, konpromisoa hartu behar duzu». Esan eta egin. Pasio duen txokolatearen alde ahalegina eta baliabideak jarri ditu erakustoki berezia sortuz. Alde batean, urteotan bildutako materialarekin osatutako erakusketa dago; bestean, berriz, denda. Zentzumen guztiak baliatuta, kakaoaren jatorria eta txokolatea nola egiten den ezagutarazten dute. Sustatzaileak gogoratu duenez, «kanpoko jendeak beti esaten digu halakorik ez duela inon ikusi. Harritu egiten dira usaiarekin, dastatzean... Parte har dezaten saiatzen gara». Esperientzia kontatzeko musikaren metafora baliatu du. «Aretoan instrumentuak eta partiturak jartzen ditut eta etortzean musika interpretatu behar duzu. Zuzendaria ni izango naiz, kasu egingo didazu edo ez, baina parte hartu behar duzu. Horregatik da interpretazio zentroa».

Sarrera doakoa da, baina parte hartzaileak zerbait erostera gonbidatzen dituzte. Produktu nagusia txokolatea da, noski. Diazek egin du eskaintzaren zerrenda: «Txokolate beltzak, esnedunak, zuriak, fruitu lehorrekin, laranjarekin, kafearekin... Diabetikoentzat gozagarriekin egindako txokolatea ere badugu eta zeliakoek jan dezaketena ere lortu nahi dugu». Guztiak herrian bertan, Natra fabrikan, egindakoak dira. Zahor markako zenbait salgai badituzte, baina gehienak enpresak kanpoan saltzeko ekoitzitakoak dira. Erosi eta Oñatin izandako txokolategien izen nahiz logotipoekin egokitzen dituzte tabletak. Bonboi, trufa eta bestelakoak, aldiz, Jabier Erostarbe oñatiarrak herriko irudiekin diseinatutako kutxetan saltzen dituzte. Hala ere, bestelako irudiekin produktuak pertsonalizatzeko aukera ematen dute. Herriko eztia, gazta eta txakolina ere saltzen dituzte, baita produktuokin osatutako otarrak ere.

Kokapen berrian gehiago saltzen dutela nabaritu du Astigarragak, besteak beste, Turismo Bulegoko bisitei esker turista gehiago etortzen zaizkielako. Hala ere, Diazek azaldu duenez, «astean zehar bertakoa da gehiengoa. Erosle finkoak ditugu, herritarra bezero ona da». Salmenta «ziklikoa» da, negua, uda eta oporraldiak «garai oso onak» dira, kanpotarrek emaitzak hobetzen dituztelako. Arduradunak orain arteko ibilbidearekin pozik daude, hasierak beti gogorrak izaten direla kontuan izanda. «Bolada oso onak daude eta beste batzuk okerragoak. Hilabeteren bat egon da ezin izan duguna kobratu, baina momentuz ondo goaz. Bizirauteko ematen digu».

 

Natra, hamarkada luzez jositako historia oparoaren azken adibidea

Txokolateak eta Oñatik mendetako harremana dute. Herriko ekonomian pisu handia izan du elikagai preziatuak eta bizilagun askoren ogibide izan dira Garaikoetxea, Guereca, Loyola, Maiztegi, Onena, Orbea eta Zahor txokolategiak. Gaur egun, azken horrek bakarrik jarraitzen du, Natra izenarekin bada ere. 1934an Jose Zahour austriarrak bonboi eta txokolate lantegi txiki bat ireki zuen Donostian. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Egaña y Mendiola sozietateari saldu zion enpresa eta honek Oñatira eraman zuen. 2004an Zahor Valentziako enpresa batekin elkartu zen, Grupo Natra osatuz. 2011n Arluy konpainia errioxarrak erosi zuen taldea.