NAIZ

Eguraldi bikaina eta txistorraren laguntzarekin, jende ugari Santo Tomas egunean

Donostia eta Bilbon Santo Tomas eguna ospatzen ari dira, beste herri batzuen artean. Eguraldi bikainak lagunduta, eta txistorra taloa jateko aitzakiarekin, jende ugari atera da kalera bai batean bai bestean. Gipuzkoar hiriburuan Engraxi, 330 kiloko txerria da eguneko protagonista nagusia.

Milaka pertsona dabiltza goizeko lehen orduetatik Bilbon eta Donostian Santo Tomas eguna ospatzen. Giro onak ere lagundu du txistorra taloa jan eta eta lagunartean trago bat hartzeko.

Bizkaiko hiriburuan 286 postu jarri dituzte Areatzan, non taloa, txakolia, sagardoa, gazta edo mamia, besteak beste, daude dastagai. 140 ekoizleren produktuak aurki daitezke gaurkoan Bilbon.

Donostian, bestalde, 233 postu jarri dira eta bertan ere txistorra da nagusi. Mamirik, ogirik edo gaztarik ere ez da falta. Baina haien ondoan, eguneko protagonista Engraxi txerria izan da. Leitzako txerriak 330 kiloko pisua du eta jende, haur zein helduen ikusmina piztu du Konstituzio plazan. Berezitasun moduan, txistorra beganoa dastatu ahal izan dute bertaratutakoek.

Egunaz gozatzeko aukera ederra Bilbon, Donostian, Arrasaten, Lekeition, Azpeitin..., egunaz gain gaua ere luzatuko da askorentzat.