Jon Ormazabal

Irujo eta Rezustak ez dute geratzeko asmorik (22-16)

Juan Martinez de Irujo eta Beñat Rezustak ez dute geratzeko asmorik eta finalerdietarako pasea oso bideratuta utzi dute Altuna eta David Merinori Donostian 22-16 irabazita. Galtzaileek, aldiz, atzerapauso bat eman dute eta Bengoetxea-Untoriak hiru puntutako aldea atera diezaiekete bihar Tolosan Artola-Albisuri irabazteko gai badira.

Sarrera polita izan duen Atano III.-eko partidan, Beñat Rezusta izan da onena. Bergarakoak uneoro dominatu du Merino eta, gainera, aurrean tanto pare bat bikain amaitu ditu. Gauzak horrela, hirunako berdinketatik aurrera, gorriek alde nabarmenak hartu dituzte markagailuan 12-5 eta 18-11, nahiz eta Irujok berak ere huts batzuk egin dituen. Aurreko epaileak ere ez die gehiegi lagundu faboritoei, hiru aldiz Amezketakoaren eta Villar de Torrekoaren aldeko erabaki okerrak hartu ditu eta.

Arriskuak hartuz, Altunak asmatu duenean, urdinak lau tantora hurbildu dira, baina kaleak ere gehitxo izan ditu amezketarrak, txaparekin haserretuta dabil azkenaldian, eta gorriek merezimendu osoz nagusitu dira.