
AEBko Idaho estatuan euskal jatorriko biztanle ugari daude eta Boise hirian Jaialdia ospatzen dute diasporaren euskal nortasuna aldarrikatzeko. Horrelakoetan, noski, ikurrinak protagonismo handia dauka eta Boiseko udaletxean jartzeko ohitura dute. Orain, berriz, hori debekatzeko egitasmoa martxan jarri dute Idaho estatuko Ordezkarien Ganbaran.
Aferaren jatorria ez da Donald Trump presidentearen alderdi errepublikanoak ikurrinari berezko gorrotorik dionik. Lauren McLean Boiseko alkate demokratak LGTBIQ+ bandera jarri zuen udaletxean. Trumpen aldekoak haserre bizian ziren eta eraikin ofizialetan zein bandera jarri ahalko diren adieraziko duen legea bultzatzeari ekin zioten.
Gauzak horrela, LGTBIQ+ banderaren kontra ez ezik beste ikur batzuen kontra ere egin zuten trumpistek. Horien artean, ikurrinaren debekua eskatzen du Ted Hill hautetsi errepublikanoak bultzatzen duen egitasmoak.
Palestinakoa bezala
«Estatu bateko bandera ez denez, ez da egokia ikurrina eraikin ofizialetan paratzea. Palestinako bandera paratzea ere ez da zilegi», nabarmendu zuen Hillek egitasmoari buruzko eztabaida batean.
«Ikurrina legez kanpokoa da Espainian», bota zuen Hillek. «Helburu nagusia bandera baten azpian batasuna lortzea da eta horretako AEBko bandera erabili behar da», defendatu zuen.
Demokratek, berriz, Anne Haws ordezkarien ahotik, Boiseko Jaialdian ikurrina normaltasunez erabili izan dela aspalditik eta Euskal Herritik joaten diren ordezkariak jasotzeko modua dela gogoratu zieten errepublikanoei. Honekin batera, Idahon bizi diren euskal jatorriko biztanleak omentzeko modu bat dela nabarmendu zuen Hawsek.
Hautetsi demokratak, halaber, ikurrina bandera ofiziala dela gogoratu zuen, EAEkoa alegia. «Beste herrialde bateko bandera jartzen denean zer da desberdin?», galdetu zuen Hawsek.
Trumpen ildoa
Trumpen ildotik jarraituz, Hillek ederrak bota zituen, ikurrina «bandera iraultzailea» dela aldarrikatuz. «Euskal lurraldean izana naiz, denbora dezente eman nuen han. ETA zegoen bertan eta ikurrina zen eramaten zuten bandera», esan zuen.
Nafarroako Sinboloen Legea gogora ekartzen duen Idahoko errepublikanoen egitasmoak ikurrina paratzea debekatzen du, Palestinakoarekin batera. Eraikin ofizialetan jarri ahalko diren bandera bakarrak AEBkoa, Idaho estatukoa, Armadaren ofizialak, onartutako jatorrizko herrien banderak, hirikoa eta konterrikoa dira.
Hasiera batean, Idahon euskal komunitateak duen garrantzia kontuan harturik, ikurrina ere baimendutako banderen artean jasotzea pentsatu zuten errepublikanoek, baina aukera hori baztertu eta debekuaren alde egin zuten.
Ikurrina edo debekaturiko beste banderaren bat jartzen bada, eguneko 2.000 dolarreko isuna aurreikusten du errepublikanoen egitasmoak.

Evacuados los pasajeros del Metro en Leioa tras explotar la batería de un móvil

Pello Reparaz y Amaia Romero, juntos como ‘dantzaris’ en el último mural de LKN en Madrid

«Las pantallas están agravando las enfermedades mentales y haciéndolas más comunes»

Buscan en el río Bidasoa a un hombre de Irun de 32 años tras una persecución de la Ertzaintza
