Jon ORMAZABAL

Xalak jokatzen jarraitu nahi du

Datorren astean bilduko da Xala Asperekin eta, minak ahaztuta, kontratua berritzea nahi luke.

Lan harreman bat luzatzeko bi aldeek egon behar izaten dute jarraitzeko gogoz eta hortik aurrera hasten dira negoziaketak. Xalari hilabete barru amaituko zaio Asperekin duen kontratua eta orain hilabete batzuk profesional gisa jarraitzearen inguruan zalantzati agertzen zen arren, bizkarreko minak ahaztuta, berak behintzat Eibarko enpresarekin jokatzen jarraitu nahi lukeela azaldu zuen atzo Gasteizen. Orain, enpresak zer asmo duen jakin behar da eta horretaz aritzeko heldu den astean bilera izango dutela azaldu zion GARAri lapurtarrak.

«Orain dela urte bat edo, fisikoki gaizki sentitzen nintzen. Orain, momentuz, azken sei edo zazpi hilabeteak minik gabe pasatu ditut; entrenatzen eta jokatzen gustura nabil eta hori da garrantzitsuena. Kirol batean, ondo entrenatuz gero, burua beti lasaitzen da. Hori da nahi duguna, gorputza eta eskuak ondo izatea eta horrekin dena aldatzen da», azaldu zuen lapurtarrak, uda hasieran pilota profesionala, ezkerpareta behintzat, uztekotan egon zela onartuz.

Horiek horrela, pentsa liteke Irujoren hutsunea bere dohainak aldarrikatzeko aukera polita izan daitekeela bihar, Rezustarekin batera, Olaizola II.a eta Urrutikoetxearen aurka, harmailak lepo beteta, jokatu beharreko txapelketako partidan. Xalak, ordea, ez du uste enpresak beraren gaineko erabakia partida baten arabera hartuko duenik eta ez du presio berezirik nabaritzen edo jarri nahi.

«Ez dut horretan pentsatzen. Iruditzen zait ez dudala galtzeko ezer; ordezko bezala nator eta ahalik eta hobekien jokatzera, joko alaia egitera etorriko naiz. Partida garrantzitsu asko jokatu ditut eta uste dut presioa eramatearena nahiko ondo daramadala. Lasai jokatzera etorriko naiz eta gero egingo ditugu kontuak», esan zuen.

Erritmoa falta

Gainera, Lekuinekoak ondo daki, partidako beste pilotarien aldean, txapelketak eman ohi duen erritmoa falta zaiola. «Lau eta erdian nahiko ondo jokatu nuen, bizkarreko arazorik gabe eta oso ondo sentitzen naiz erronka honi ekiteko. Txapelketako partida pare batean jarraian gauzak ondo egitea behar dut pixka bat lasaitzeko. Ez da batere erraza, baina saiatuko naiz gerra ematen».

Galdua zuen pilotarako grina berreskuratuta, lan erdiak baino gehiago egin ditu Xalak eta, kalitatez, inor gutxik jarriko luke zalantzan lapurtarrari pilotan urteak geratzen zaizkiola, baina nahikoa izango ote da?