Jon ORMAZABAL

Larralde: «Zaila da gazteei debekua ulertaraztea»

Iparraldeko Ligako ordezkariek auzitara joatea erabaki dute. «Ez dakigu gu zigortzeko eskubiderik duten».

Duela 120 urte inguru, Mugimendu Olinpiko garaikidearen oinarriak idatzi zituenean, nekez ulertuko zukeen Pierre de Coubertain baroiak, urteko txapelketa garrantzitsuenetako bat hasi bezperatan, ilusioz gainezka ziren 40 gaztek, tartean inolako arau-hausterik edo tranparik ez dela, lehiaketa horretan parte hartzea galarazten dien gutun bat jasoko zutenik. Baina antza denez, Julian Garcia Angulo, Espainiako Pilota Federazioko presidenteak ez du sen olinpiko handirik eta berak eragindako presioek GRAVNI txapelketa azken bi urteetan izan duen “I” letra galtzera eraman du, afizionatu mailan jokatzen den txapelketarik garrantzitsuena izanik.

«Gazteek ez dute ulertzen zergatik ezin duten, azken bi urteetan bezala, txapelketan parte hartu. Desilusioa handia izan da, zeren GRAVNIak bere lekua hartua zuen Iparraldean eta pilotari onenek parte hartu nahi zuten. Jokatu dutenek badakite ze maila dagoen eta arlo pertsonalean ere ezagutu dute giro alaia egoten dela, elkar ezagutzeko balio diela, etxetik kanpo lehiatzeko aukera dute... Gazteek ilusio handiz itxaroten zuten egun hau eta bezperan jokatuko ez dutela esan beharra oso gogorra da», azaldu dio GARAri Mikel Larralde Iparraldeko Ligako ordezkariak.

Arrazoi lausoak

Egia esan, berak ere ez du oso argi zein den Espainiako Federazioa Frantziakoari presio egitera eraman duen arrazoia, azken bi urteetako esperientzia guztiz positiboa izan baita. «Zergatik orain? Ez dakit zein beldur ematen dien Iparraldeak GRAVNIan parte hartzeak. Iparraldea eta hegoaldea hurbiltzea, edo halako mamu beltzen bat izango du Angulok buruan eta begietan».

Kontua da, espainolek eginiko presioek eragina izan dutela «Iparraldeak parte hartzearekin oso ados zegoen» Frantziako presidentearengan. Prozesua ere korapilatsua izan da oso. «Hasieran klubek eta ligak Frantziako Federazioaren gutun bat jaso genuen; esaten zigun Espainiako Federakuntzak ez zuela GRAVNI txapelketa ofizialki ezagutzen eta Errioxari, Nafarroari eta guri ez zitzaigula parte hartzen uzten, afiliatuta ez zegoen erakunde batek antolatzen zuela eta. –Euskadi, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako federazioak ez daude Espainiakoaren barnean–. Nazioartekoa euren alde atera zen eta Frantziakoa beldurtu egin zen, baimena emango lukeela, baina nazioartekotik zigorrak helduko balira, ezingo lukeela ezer egin».

Zigor hauek zein mailatakoak izan daitezkeen ondo ez dakiten arren eta jokatzeko eskubide osoaren jabe direla uste duten arren, mehatxuaren tamainaren aurrean «gure pilotariak babestu nahi izan ditugu eta beste bide bat hartu. Abokatuekin aztertu behar dugu gaia, ez dugu-eta garbi gu zigortzeko eskubiderik ba ote duten».

 

Bulegoetako lehiak ez du etenik

Pilotalekuetako lehiarik izan ez bada ere, bulegoetan partida garrantzitsuak izango dira hurrengo egunetan, Iparraldeko Ligak, euren pilotarien eskubideak defendatzeko, auzitara joko du eta. Gaia abokatuekin aztertzen ari dira, erabaki horrek Europako zenbait legeren aurka jotzen duen argitzeko.

Gainera, apirilaren 2an Frantziako Federazioak biltzar nagusia egingo du Baionan. Nazioarteko Federazioko buru Xabier Cauzabon ere bertan izango da eta ekitaldia hari zuzenean zenbait galdera egiteko baliatu nahi lukete.

Bestalde, lehiaketa amaitu eta Errioxa eta Nafarroarekin zer gertatzen den zain geratuko dira. Izan ere, «bi horiek ere jaso zuten lehen debekua eta ez bazaie ezer gertatzen, eta hala nahi nuke, zergatik gure debekua? Zer egingo du Espainiak bere etxean?». Gogoratu behar da, Iparraldeko eta Hegoaldeko pilotariek normaltasunez jokatzen dutela nahasita beste zenbait lehiatan.J.O.