NAIZ
BILBO

Aldana eta Txapartegiri babesa zor zaiela ohartarazi die EIPK-k EAE eta Nafarroako Gobernuei

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak (EIPK) azpimarratu du Angel Aldanaren heriotzak eta Nekane Txapartegiren atxiloketak «agerian» utzi dutela «gatazkak eta konponbideak nazioarteko dimentsioa dutela» eta, hortaz, «akordio politikoen bidezko ebazpena beharko dutela». Preso eta iheslariek deituta igandean Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko deia ere egin du EIPK-k.

Adierazpen baten bitartez, Angel Aldana iheslariaren heriotza eta Nekane Txapartegiren atxiloketa salatu ditu Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak.

Aldanaren familiari eta lagunartekoari bere «agurrik beroena» adierazi eta gero, azpimarratu du eragile, instituzio eta nazioarteko eragileei jakinarazia ziela gorozikarra «baldintza oso larrietan dauden iheslarien zerrendan zegoela» eta, hortaz, egoerak «urgentziazko konpromisoak» eskatzen zituela.

«Arrazoi politikoengatik eta torturaren beldurrz ihes egin behar izan duten euskal herritarrak segurtasun osoz etxeratzeko beharrezko konpromiso eta babes soziala egituratu ez izateagatik hil zaigu Angel erbestean», esan du EIPK-k, gaineratuz hori «jendartearen porrot kolektiboa ere badela» eta halakorik berriro gerta ez dadin ahaleginak biderkatuko dituela.

Era berean, euskal herritarrak diren heinean Aldana eta Txapartegiri «instituzioen arreta eta babesa zor zaiela» gogoratu die iheslarien kolektiboak EAE zein Nafarroako Gobernuei.

Nazioarteko dimentsioa

«Angel Aldanaren heriotzak eta Nekane Txapartegiren atxiloketak agerian utzi dute, berriz ere, gatazkak eta konponbideak nazioarteko dimentsioa dutela eta, hortaz, akordio politikoen bidezko ebazpena behar dutela» nabarmendu du EIPK-k. Konponbidea ETAren «armagabetze eta desegite soilari lotzeak», azaldu dute, jendarteari «iruzurra egin eta bakea urrundu besterik ez du egiten». 

Ildo horretan, iheslarien kolektiboak 2013ko udan Biarritzen azaldutako bide orria sakondu eta konponbidearen alde lan egin nahi duen eragile ororekin aritzeko prestutasuna berretsi du, orduan adierazi zuen bezala «konponbidea egituratzeko eta iheslariok etxeratzeko garaia heldu delako».

Azkenik, preso eta iheslari ohiek deituta ‘Amnistiaren norabidean, preso eta iheslariak etxera’ lelopean igandean Bilbon (12.00etan, La Casillatik) egingo den manifestazioaren deialdiarekin bat egin dute.