GARA
LILONGWE

Milaka herritar albino beldurrak akabatzen bizi dira Malawin

Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeak atzo salatu zuenez, Afrikako hegoaldeko Malawi herrialdean milaka herritar albino beldurrak akabatzen bizi dira: melanina pigmentuaren ezak sortzen duen anomalia genetikoa zuten hemezortzi herritar hil dituzte gutxienez, eta beste bost desagerrarazi, 2014ko azaroaz geroztik.

AI Amnesty Internationalek Lilongwe Malawiko hiriburuan aurkeztu zuen atzo “Ez gara ehizatzeko edo saltzeko moduko abereak: Malawin albinismoa duten pertsonen aurkako jazarpena eta indarkeria” izenburuko txostena. Gobernuz kanpoko erakundeak eskainitako datuen arabera, azken bi urteotan albinoen aurkako krimenen kopuruak gora egin du eta fenomenoa gaiztotzen ari da une honetan, aztertutako epean azken hilabetea (apirila) izan baita okerrena: lau albino hil zituzten, horietako bat jaioberria.

Ikertzaileek ez dakite herrialdean zenbat krimen egiten den albinoen aurka, ia ez baitago gaiari buruzko datu ofizialik. Gainera, herritar askok krimen horiek ez salatzea erabakitzen du kasu gehienetan, agintariekiko konfiantzarik ez baitute.

Malawiko Poliziak emandako datuen arabera, 2014ko azaroaz geroztik, larruazal eta ile oso zuria eta begietako irisa arrosa kolorekoa duten herritarren aurkako 69 eraso egin dira. AIkoek kalkulatu dute gutxienez hemezortzi albino hil dituztela epe horretan, «baina benetako kopurua seguruenik askoz ere handiagoa izango da». Gainera, bahitutako bost albinok desagertuta jarraitzen dute.

Whitney Chilumpharena da ikertu duten azken kasuetako bat. Bi urte bete gabe zituen neska bere etxean bahitu zuten, amaren ondoan lo zegoela. Handik egun batzuetara bere burezurraren, hortzen eta arroparen zati batzuk aurkitu zituzten etxetik gertu dagoen mendixka batean. Bost lagun atxilotu dituzte dagoeneko, biktimaren aita barne.

«Albinoei eraso egiten dieten pertsona gehienak hurbilekoak izaten dira», esplikatu die emakume batek AIko ikertzaileei: «Beldurrez akabatzen bizi zelako bere seme-alabak ezkutatuta edukitzen zituen emakume bat ezagutu nuen Chitipan. Ondorioz, bere umeak ez ziren eskolara joaten».

Deprose Muchena AIko eledunak Malawiko Gobernuari eskatu dio ez ikusiarena egiteari utzi eta arazoari hel diezaion. Premiazko neurri zehatzak hartzeko eskatu dio, gaur egun nagusi den inpunitate giroari amaiera eman ahal izateko.

Inpunitate giro horrek eragin izan du kasu batzuetan herritarrek beraiek albinoen aurkako erasotzaileak zigortzea. Mozambikeko mugatik gertu dagoen Nsanje eskualdean zazpi pertsona erre zituzten, esaterako.