NAIZ
DONOSTIA

Prezioek gora egin dute maiatzean Hego Euskal Herrian

Kontsumoko Prezioen Indizeak (KPI) gora egin du Hego Euskal Herrian maiatzean, aurreko hilabetearekin alderatuta. Urte arteko inflazio tasak balio negatiboetan jarraitzen du.

Prezioak garestitu egin dira Hego Euskal Herrian maiatzean, apirilarekin alderatuta, INE estatistika institutu espainolak zabaldu dituen datuen arabera.

Herrialde guztietan egin du gora KPIk. Igoerarik handiena Nafarroan izan da, %0,8 garestitu baitira prezioak. Araban %0,5 hazi dira, Bizkaian %0,4 eta Gipuzkoan %0,3.

Azken hamabi hilabeteko eboluzioari erreparatuta, inflazioak balio negatiboetan jarraitzen du. Gipuzkoan %0,9 jaitsi da urte arteko tasa; Araban eta Nafarroan, %0,8; eta Bizkaian %0,6.

INEren arabera, argindarraren igoerak izan du eragin handiena prezioen garestitzean.