NAIZ
MADRIL

Mario Conde aske utzi du Audientzia Nazionalak, 300.000 euroko bermea ordainduta

Audientzia Nazional espainolak Banestoko presidente ohia, Mario Conde, aske uzteko agindua eman du, Santiago Pedraz epaileak ezarritako 300.000 euroko bermea ordaindu eta gero.

Mario Conde, 2009ko irudi batean. (Pierre-Philippe MARCOU/AFP)
Mario Conde, 2009ko irudi batean. (Pierre-Philippe MARCOU/AFP)

Santiago Pedraz epailearen erabakiz, aste honetan gelditu da bertan behera Mario Conderi ezarritako baldintzarik gabeko espetxealdia eta 300.000 euroko bermea ordaintzekotan baldintzapean aske gelditzeko aukera eman diote Banestoko presidente ohiari.

Ihes egiteko aukerarik ez dagoela eta ikerketari kalterik egin ezin diola argudiatuta hartu du erabakia Pedraz epaileak.

Aurrez, Francisco Franco Fundazioko bi kidek abala aurkeztu zuten, Fuerteventurako lau lursailen agiriak emanda, baina epaileak ez zuen onartu eta 300.000 euroko bermea bilatu behar izan du Condek.

Bermea ordainduta, Soto del Real espetxetik atera da ordu batzuk beranduago. Aurrerantzean, astelehenero sinatu beharko du Auzitegi Nazionalean eta epategiaren esanetara egon beharko du, deitzen dioten aldi oro.

Horrez gain, Estatu espainolean finkatu beharko du bizitokia eta ezingo du bertatik kanpora bizi –denbora baterako ere ez– epailearen baimenik gabe.

Pasaportea ere kendu egin diotte.

Baldintza hauek betetzen ez badira, atxilotze agindu berri bat emango duela ohartarazi du Pedrazek.

Apirilaren 11n atxilotu zuen Guardia Zibilak, dirua zuritzea egotzita, eta ordutik dago espetxean.