Gaizka AZKETA
IRUÑEA

Eraso sexisten aurrean Nafarroako herrien batasun anitza

Eraso sexistek herrietako jaietan lekurik ez dutela argi utzi dute Nafarroako hainbat udaletako ordezkariek. Agerraldia «lakra» honen aurrean daudenen aniztasun politikoaren isla izan da. Iruñeak markatutako bideari jarraiki, protokoloak diseinatu dira hainbat herritan prebenitzeko eta erasoei erantzuteko.

Nafarroako udal ordezkariak, eraso sexisten aurka. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)
Nafarroako udal ordezkariak, eraso sexisten aurka. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakaria den Pablo Azconak adierazi duenez, «jendartea lehen lerroan dago eraso sexisten aurrean». Lodosako alkatearen hitzetan, garrantzia eman behar zaio onartu eta errepikatu ezin diren erasoak publiko egiteari. 2010. urteko Emakumenganako Biolentziaren Kontrako Koordinaziorako Akordio Interistituzioanala berrikusten ari direla jakinarazi du Azconak.

Raquel Garbayo Federazioko lehendakariordeak jaiak gozamenerako guneak direla azpimarratu du. Cintruenigoko alkateak nabarmendu duenez, «emakume bakoitza bere eskubide, duintasun eta askatasunaren jabe da».

Aritz Romeo Iruñeko Udaleko zinegotziak bi arrazoi eman ditu Iruñeak eraso matxistei emandako erantzuna «erreferente» bilakatzeko: «Arazoa ikusaraztea eta erantzun tinkoa, azken hau mugimendu feministarekin koordinatuta». «Emakume guztiak aske sentitu behar dira, ez ausart», adierazi du Romeok.

Tafallako alkatea den Arturo Goldaracenak eta Nieves Recalde Etxagueko Kontzejuko lehendakariak bat egin dute gazteei zuzendutako sentsibilizazioa beharrezkoa dela esaterakoan. Tafallan, besteak beste, «ligoteo sanoa» deitutako tailerra antolatuko dute jaiak baino lehen, Gardatxo gazte elkartearekin batera. Haren esanetan, «emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko bizitzako arlo guztiak jorratu behar dira».

Ribaforadako alkateak, Jesus Maria Rodriguezek, konpromisoa azaldu du eraso sexisten aurka lanean dauden emakume elkarteekin.

Lizarran nazkatuta daudela adierazi du azkenik bertako alkate Koldo Leozek eta aurtengo jaietarako erasoen aurkako protokoloa diseinatu dutela nabarmendu du.

Sanferminak pasata, Tutera, Lizarra, Tafalla eta beste herri askotako jaiak helduko dira laister. Hiriburuan izandako erantzun masiboak inflexio puntu bat markatu zuen, baina ez horrelako erantzunak gainontzeko herrietan errepikatzeko, baizik eta errepikatu behar ez izateko.