‘Charlie Hebdo’ aldizkariaren aurkako erasoa izan zenetik hilaren 28 oro sarean zabaltzen da H28 aldizkari satirikoa. Gaur, datorren asteburuan hasiko den Nafarroako Komiki Azokaren zentsura salatu du aldizkariak, bertan parte hartzeko gonbitea egin, onartu, eta aurkeztutako 14 lanetako bi ez direla egokiak erantzun ostean antolatzaileek.
Aldizkariaren arduradunek adierazi dutenez, fanzineen inguruko erakusketa batean parte hartzeko gonbitea jaso zuten azokaren aldetik, hauek onartu eta bilduma osatu zuten orain arte argitaratutako lan ezberdinak jasoz. Horietako bi, ordea, ez zirela egokiak eta hautapenetik kanpo uzteko eskatu zien azokaren antolakuntzak. Opus Deiren ingurukoa zen bat, torturaren ingurukoa bestea.
H28ko kideek bilduma osorik onartu ezean ez zutela parte hartuko esan zieten antolatzaileei, hauek euren iritziari eutsi diote eta beraz aldizkari satirikoa ez da izango azokan.
Sarean zabaldu dute euren salaketa eta txio honetan ikus daitezke zentsura salaketa eragin duten irudiak ere:
Bi lan zentsuratu dizkigute Iruñeko Komiki Azokan/ We have been censored in Pamplona pic.twitter.com/4kvR2zfQDW
— h28 (@H28aldizkaria) August 29, 2016