NAIZ

Emakume Baserritarren Elkarteak festa batekin ospatuko du bere 25. urteurrena Zizurkil Goian

Emakume Baserritarren Elkarteak (EBEL) 25 urte beteko ditu aurten eta egindako lana ospatzeko jai egun bat prestatu dute azaroaren 20rako. Zizurkil Goian emakumeen giza proba erakustaldia, herri kirolak edo herri bazkaria antolatuko dute.

EBELek jai eguna prestatu du igande honetarako. (ARGAZKI PRESS)
EBELek jai eguna prestatu du igande honetarako. (ARGAZKI PRESS)

25 urte bete ditu EBElek «jo eta su emakume baserritarren eskubideen aldeko borrokan». Hau gogoratzeko eta egindako lana goraipatzeko jai egun bat prestatu dute Zizurkil Goian igande honetarako.

«1991tik hamaika lan, hamaika topaketa, hamaika negoziaketa egin behar izan ditugu elkarteko kideok eta hamaika fruitu ere jaso ditugu», nabarmendu dute ohar baten bidez. Hau ospatzeko, goiz guztiko egitaraua prestatu dute. 10:00etan hasita, Udaletxean egingo dute ekitaldia, eta Astigarragako emakumeen giza proba erakustaldia eta herri kirolen ostean, bazkari batekin borobilduko dute ospakizuna.

«Zeregin ugaritan jardun dugu, hala nola kotizazio duin baterako defentsa eta aholkularitza, baserrietan norberak bere lekua izatearen ahalduntzea eta ardurak, erabaki guneetan poliki bada ere parte hartzearen aktibazioa...», ekarri dute gogora.