Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Hasi dira enpresa txikietako langileen ordezkariak hautatzeko bozak

CGT sindikatuak LABen eta Korsikako STCren hautagaitzak auzitan jartzeko egindako saioak direla medio hilabetez atzeratu ziren hauteskundeak hasi dira. Hortaz, urtarrilaren 13ra arte enpresa txikietako langileek parada izango dute ordezkari sindikalak hautatzeko.

Bi prozedura luze eta gorabeheratsuren ostean, udan CGTk hasitako auzibidea abenduaren 12an amaitu zen, Auzitegi Gorenak behin betiko atzera bota zuenean sindikatu frantsesak LABeko eta STCko hautagaiei aurkezten ez uzteko egindako eskaera.

CGTren eraso juridikoa izan ez balitz, Estatu osoko enpresa txikietan (11 langile baino gutxiago duten horietan) azaroaren 28tik abenduaren 12ra arte egin behar ziren hauteskundeak, baina epaitegietako ibilbidea erabat bukatu arte bozak atzeratzea deliberatu zuen Lan ministroak. Hala, abenduaren 30etik urtarrilaren 13ra finkatu zuen hauteskundeetako epealdi berria.

Ipar Euskal Herrian, 25.000

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan 25.000 langilek dute bozkatzeko eskubidea. Posta arruntez edota Internet bidez ematen ahalko dute botoa.

Emaitzen arabera, beren ordezkariak ez ezik, Prud’Hommes lan-auzitegia osatuko duten kontseilariak izendatzeko ere balioko du. Hauek, orain artean boto berezien bidez hautatzen ziren.

Halaber, 2017ko uztailean abian jarriko diren eskualdeko batzorde parekideetan, non langileek eta ugazabek parte hartuko duten, langileen ordezkariak ere emaitzon arabera izendatuko dira.

Estatu mailako sindikatu konfederazio handien ordezkagarritasuna kalkulatzeko ere kontuan izango dira emaitza hauek. Egun, bost sindikatu nagusik betetzen dituzte ordezkagarritasun irizpideak: CGT, CFDT, FO, CFT eta CFE-CGC. 2017an, gainerako enpresetan bozak egin ostean, finkatuko da zein diren maila hori lortu duten talde sindikalak.

2012an CGT –Confédération générale du travail– izan zen babes gehien lortu zuena baina, zenbait iturriren arabera, CFDT –Confédération français démocratique du travail– izan daiteke hurrengo sindikatu nagusia Estatu mailan.