NAIZ
ADDIS ABEBA

32 urteren ondoren, Maroko Afrikar Batasunera itzultzea onartu du erakundeak

Afrikar Batasunak (AB) Addis Abeban egin duen goi bileran onartu du Maroko berriz erakundeko kide izatea. Marokoko erresumak 1984an utzi zuen OUA (Afrikar Batasunerako Erakundea, ABren aurrekoa), Rabatek ez baitzuen bertan onartu nahi Fronte Polisarioak sortutako Saharako Errepublika Arabiar Errepublika Demokratikoa (SEAD).

Addis Abebako goi bileran esku hartu duten agintariak, argazkilarien aurrean Nelson Mandela aretoan. (Zacharias ABUBEKER/AFP)
Addis Abebako goi bileran esku hartu duten agintariak, argazkilarien aurrean Nelson Mandela aretoan. (Zacharias ABUBEKER/AFP)

Afrikako 53 estatuk eta SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak osatzen dute gaurn egun AB Afrikako Batasuna, 2002an OUA Afrikako Batasunerako Erakundea ordezkatu zuen instituzioa.

Marokok, OUAren sortzaile izan zen herrialdeetako batek, 1984an utzi zuen erakundea, erregimenak ez baitzuen SEAD bertan onartu nahi.

Erakundera itzultzeko Maroko erregeak, Mohamed VI.ak, egindako eskaerak 39 estatubururen babesa jaso du. ABko iturriak aipatuta Aljeriako TSA agentziak berri eman duenez, Hegoafrikak eta Ugandak baino ez dute ezezko botoa eman.

SEADeko Kanpo Arazoetako ministroak, Mohamed Salem Uld Salekek, adierazi du onartu egiten dutela Maroko erakundera itzultzea, azpimarratuz «orain arte ez dutela baldintzarik jarri».

SEADko presidentea, Brahim Gali, Addis Abebako bileran izan da eta Mendebaldeko Saharan autodeterminaziorako erreferenduma egitearen beharra azpimarratu du.

Aldez aurretik, Ghalik adierazi zuen begi onez ikusten zuela Maroko erakundera itzultzea, herrialdeek gatazkak modu baketsuan konpondu eta beren burujabetasuna aitortzeko modu bezala.

Izan ere, Afrikar Batasuneko Sortze Aktaren 3 eta 4. artikuluek jasotzen dute erakundeko kideen mugekiko errespetua eta beraien artean indarkeriaren erabilera espreski debekatzen da. Akta hori onartu izana balioan jarri du, hain zuzen Ghalik.

Orain sei hilabete jakinarazi zuen Marokoko Gobernuak ABra itzultzeko asmoa. Geroztik erregeak makina bat bisita ofizial egin ditu, negozioen bitartez herrialde ezberdinetako agintarien jarrera aldarazi eta Marokoren aldeko botoa eman zezaten.

Rabatek erakundera itzultzeko nahia adierazi eta hurrengo egunean, Marokoren aliatuak diren 28 herrialdek, SEAD kanporatzeko mozio bat aurkeztu zuten. Hala ere, Sortze Aktak ez du aurreikusten erakundeko kide baten kanporatzea. Gobernu batek boterea konstituzioaren aurkako bideetatik boterea eskuratzekotan, herrialdearen parte-hartzea etetea da gehienez aurreikusten dena, baina hori ezin zaio SEADi aplikatu.

Nolanahi ere, Marokoko komunikabideek ziurtzat jotzen dute Rabateko erregimenak eskura dituen baliabide diplomatiko guztiak martxan jarriko dituela sahararrak erakundetik egotzi ditzaten.