Jon GARMENDIA

Sagarrondoak landatuz osatu nahi dituzte Bernat Etxepare lizeo berriak behar dituen epela eta gerizpea

Bernat Etxeparek lizeo berria behar du, harri burdinazko eraikin duina, giza haragiz bete eta balorez josteko. Horri begira jarri zen Herri Urratsen azken edizioa eta bultzada jaso zuten Baionan, baina ez nahikoa. «Hazten gaitu, hazten dugu» kanpaina abiatu dute orain, sagarrondoak saltzea xede duen ekimena, euskara landatzen segitzeko.

Sagarren herria baldin balitz bezala, desberdina, berezia, eta koloretsua. Sagarrondoekin sortu nahirik haren gerizpea, lizeo berri baten ametsa gauzatu ondoan. Baina Gezamina, Mozolua, Patzolua, Udaremarroi, Urtebi edo Txalaka deitu ordez, Iban, Aimar, Elixabet eta Leiane izena dute, edo Luken, Eneko, Iñaki eta Aritz. Eta ez dira sagarrak, ipar-ekialdeko euskal lurretako euskararen geroa ahoan duten gazteak baizik.

Ez du aspaldi “Hazten gaitu, hazten dugu” kanpaina ezarri zutela abian, Baionako Bernat Etxepare lizeo berria behar bezala hazteko hazia lehenago erein behar zutela kontuan hartu zutelako. Ipar Euskal Herriko lizeo bakarra da Etxepare, eta heien asmoa 400 ikaslerendako lizeo orokor, teknologiko eta profesionala eraikitzea da Baionan, harri burdinazko eraikin bat giza haragiz bete eta balorez josteko. Horretarako, hau da, eraikina behar bezala ekipatzeko, 300.000 euro behar dituzte, eta horren karietara lotu zaizkio diru bilketari, ideia berritzaile bezain ausartekin.

Zer, noiz eta zertarako jakin nahian hurbildu gara Etxepare lizeo zaharrera, eta han jaso gaitu irakasle eta ikasle talde batek adeitasunez. «2017ko irailean sartzeko asmoa dugu lizeo berrira, eta finantzaketa bi zatitan egiten da. Seaskak ordaintzen ditu paretak, diru publikoaren bitartez edo Herri Urrats bezalako jaietan bildutako sosarekin, eta ikastolak ekipamendua; hori ikastola guztientzat gertatzen da, hau da, eraikina Seaskak pagatzen du eta barneko ekipamendu guztiaz ikastola arduratzen da. Gu, horretan ari gara justuki, diru bilketan». Iban Tikoipek eman dizkigu azalpenok, Matematikako irakasleak, finantzamendu kanpainako arduradunetako bat denak, nahiz eta ez duen titulu hori sobera maite, beharbada, anitzen lanaren erdigunetik burua ez agertzeko. «Lehen mailako ikastola baten beharrei alderatuz berezitasun bat dugu, kirol gune handi bat dago eta batez ere barnetegia», azaltzen jarraitu du Tikoipek.

Barnetegia, etxea urrun delako

Barnetegiaren galdera heldu zaigu bat-batean, eta zer ote den galdetuta honela erantzun digu Estitxu Etxandik: «Ni Izpuran bizi naiz, Donibane Garazi ondoan, eta ezin naiz egunero sartu etxera, batetik ez delako autobusik, trena bada, baina biziki garestia da, eta egoera honekin laguntzeko barnetegi bat bada Etxepare lizeoan. Barnetegia Tarnosen dago halere, eta lizeoa Baionan, beraz, autobusez egiten genituen bidaiak lehen, eta aurten, gure autobusa daukagu, honela, bidaiak errazagoak dira. Dena den, gure nahia lizeoaren tokian berean barnetegia ukaitea da, beste lizeoetan hala izaten da, eta hori ukanen dugu lizeo berriaren eraikuntzarekin». Estitxu lehen mailan dago, 16 urte ditu, eta berarekin batera gazte andana dago barnetegian; hamazazpi, denak barnealdekoak, Baionatik urrun bizi direnak baitezpada. Mehaineko Ana Etxegarai, Baigorriko Eneko Ustaritz, Garruzeko Ttittant Labesceau, Pagolako Ainara Aguerre Lako, Ibarlako Ellande Arispuru, Armendaritzeko Maider Etxeberri, Lukuzeko Maddi Doyhenard, Mauleko Xantiana Bordazahar, eta Bunuzeko Joana Erdozainzi Etxart dira lehen urtekoak. Barnetegiko funtzionamenduaz galdetu diogu jarraian Estitxuri: «Lizeotik landa han egoten gara. Hiruzpalau zaintzaile ditugu, gure aita eta amaren papera egiten dutenak. Estudio behartuak ditugu lehenik eta behin, nahiz eta askatasuna dugun autonomoki egiteko, gure gelan edo beste tokiren batean; ondotik, jatera goaz, kantinara, eta jan ondoan badugu denbora pixka bat lagunekin hizketan aritzeko edo dutxa bat hartzeko, argiak 22:30ean itzaliak egon behar dute eta goizean goiz, 07:00etan, emana da iratzargailua».

Nola ez, irakasleak sakondu du gaiarekin: «Egun Iparraldean lizeoa euskaraz egiteko bide bakarra da Etxepare, eta xiberotar edo baxenabartar anitzek oren bat edo oren eta erdiko bidea dute hona jin eta hemendik joateko, beraz, goizero eta gauero denbora bidean igaro ordez, ikasketentzat egokiago den formula da honakoa, eta aldi berean elkarbizitzen ere ikasten dute. Biziki garrantzitsua ikusten dut arlo horretan Seaskak egiten duen lana, eta Seaskako ikasle ohi gisa gainera kontziente naiz horrekin». “Seaska” hitza eta Seaskako ikasle ohia izatearena sarri errepikatzen dituela aipatu diogu Ibani. «Frantses sisteman irakasle izateko konkurtso bat pasa behar da, Frantzia mailakoa; Seaskan sartzeko bidea beste bat da, ez da konkurtso hori pasa behar, baldintza okerragoak dira irakaskuntzako lehen urteetan, eta bidenabar Seaskaren bitartez formakuntza bat segitzen da, eta geroago frantses konkurtsoa pasatzeko aukera dugu, bidea luzeagoa da. Baina hautu bat da Seaskako irakasle izatea, adibidez, nik zortzi urte daramatzat eta ez naiz segur beste eredu batean irakasle izango nintzatekeenik».

Ipar Euskal Herrian euskalgintzaren inguruan lanean dabilen jende orok beti azpimarratzen du euskara ofiziala ez den eremu bati buruz mintzo garela, honela, Hezkuntza Sistema Nazionala Paristik kudeatua da, Frantziarako, frantsesez. Diru laguntzen sistemak ere ez dio berezitasun handiegirik ematen euskarari, eta egoera horren aurrean, boluntarioki egindako lana ezinbestekoa da aurrera egiteko, diru iturriak sortzeko ideiak bezala. «Kasik bururatua bada ere, eraikina ez da guztiz finantzatua oraino, adibidez, Herri Urratsen bildutako dirua ez baitzen aski izan. Bertso saio bat antolatu da berriki Baionan, eta eskuratutako dirua eraikina pagatzeko baliatuko da, bide batez, ekipamendurako diruaren xerka jarraitzen dugu», aitortu du Tikoipek.

Lizeo berriaren beharra

Halere, egin beharreko galdera da ekipamendua zer den, bestela, hitz abstraktu eta hutsala dirudien zerbait bihurtzen baita, eta horretan Leiane Madariagak hartzen du hitza, ikaslea da bera ere; 17 urte ditu eta Senperekoa da, bigarren urtean ari da lizeoan, literatura ikasle. «Materiala erosi behar dugu, barnetegirako oheak, mahaiak eta aulkiak, arbelak, ordenagailuak... Eraikina hutsik hartzen dugu, eta bete egin behar da».

Hendaiako Aimar Lopez Erasunek hartzen du Leianeren haria, lehen urtea du hark ere, eta egun bizi duten errealitatea zein den agertu eta lizeo berriaren premiaz ohartarazi nahi digu. «Azkenaldian hotza dugu aipagai denok; 60 urteko eraikin bat da hau, horrek dakartzan funtzionamendu akats guztiekin, eta bazterrak zaharkituak daude, adibidez, itaxurak askotan agertzen dira edo argindarraren sistema zahartuta dago, edozein momentuan saltatu egiten du eta argirik gabe gelditzen gara. Bestalde, ez dago lekurik guztiontzat, lizeoko gela bat eraikin prefabrikatu bat da eta han 26 ikasle gaude pilatuta».

Hargatik bildu ziren lanera ikasleak ere, sinismen handiarekin, lizeo berria eskuratzeko heien aletxoa jartzeko asmoz. Eta ekimenak hasi zituzten, hurbileko lurretan lehenik, urrunagokoetan gero, Euskal Herri osoan. «Ez genuen diru bilketa soil bat egin nahi, hori izan zen gure abiapuntua», hitza hartu du berriro Iban Tikoipek azalpenekin jarraitzeko. «Irakasle taldeko batzuk guraso batzuekin bildu ginen, eta tira, pobreak gara baina ez miserableak (irriz aitortzen du), eta lizeoarekin batera aitzina egingo zuen zerbait asmatu nahi genuen. Manex Erdozaintzi kolegioa sortu zelarik, duela dozena bat urte, ‘Pagatxa’ (Pagoaren fruitua) kanpaina ezarri zuten abian, eta pagoak landatu zituzten Oztibar bailaran eta Irati inguruetan. Oinarri hori ukan dugu, zerbait eskaintzea laguntza ematen zuten jende guztiei, lizeoarekin batera haziko den zerbait. Bestalde, Euskal Herrian biziki garrantzitsua izan da sagarrondoa, hala da oraino, eta paralelismo bat sortu nahi genuen euskararekin: euskara, lizeoa-Seaska eta sagarrondoa. Hirurek laguntza behar dute fruitua emateko, eta denbora berean hizkuntzak gu egin eta hazten gaituen bezala sagarrondoak ere jan eta edateko ematen digu, hazi egiten gaitu, hor da kanpainaren leloa: ‘Hazten gaitu, hazten dugu’».

Eta hori guztia nola hasten den, nola egiten den galdera sortzen zaigu, Leiane erantzuteko prest dagoela ikusi aitzin. «Sagarrondoak saltzen ditugu, hori da ardatza. Internetez egin daiteke, baita postaz dirua bidalita ere. Gero, lizeoan egiten dugu sagarrondoen banaketa, abenduan izan zen lehena eta bigarrena otsailaren 18an izanen da». Tikoipek jarraitu du zehaztapenekin eta ekimenen berri emanaz. «Hastapenean erraldoia ematen zuen proiektuak, Herri Urratsen egin genuen publiko gure asmoa, eta eskuorriak banatzen hasi ginen, Internetez mezua zabaltzen, baina pixkanaka jende anitz ari da parte hartzen, gurasoak etxez etxe hasi dira sagarrondoak saltzen, merkatuetan postuak sortu dira, herriko etxeak hurbildu dira egitasmora...».

Aimar Lopezek jarraitu du: «30 eurotan saltzen da sagarrondo bakoitza, eta nolabait sinbolikoa da hori, ezen erosteak Iparraldean euskara sustatzea erran nahi du, euskara babestea». Ibanek azalpena maitatu du eta bideari eutsi dio, «kanpaina, jasotako diruaz harago joan da, beste zerbait bilakatu da, ekarpen bat egitea da Ipar Euskal Herrian gazte euskaldunak haztea ahalbidetzeko, euskara biziberritzeko. Bestetik, Sagartze elkartearekin ere elkarlana bultzatu dugu, haiek 30 urtez ari dira hemengo sagar motak berreskuratzen edo arloari dagokion lana sakonki aitzinarazten. Hegoaldean ere mezua zabaldu dugu, Donostian, Hernanin, Tolosan, Seguran, Bilbo inguruan, Nafarroa Garaiko toki anitzetan. Udalei gutun bat bidali diegu eta erantzun baikor ugari jaso ditugu, enpresa batzuekin ere hasi gara harremanak lantzen. Hegoaldean irudituko du Iparraldetik anitz eskatzen dugula, pobrearen diskurtsoarekin, baina, nahitaez, euskararen etorkizuna Iparraldean Seaskan dago, Etxeparen». Eta Estitxuk ekimenak aipatu dizkigu: «Txotx irekieran Hernanira joan ginen, sagarrondoak saltzera, eta han ibili ginen musikarekin, dantzarekin... Donostian Euskararen Egunean antzeko gauza egin genuen, eta Tolosako merkatura joanen gara otsailaren 11n. Helburua zerbait eskaintzea da, ez soilik eskatzea».

Sagartze bat sortzeko ahalegina

Leianek eta Aimarrek esker handia ageri dute jasotzen ari diren erantzun baikorraren aurrean, eta Tikoipek azken xehetasunak eman dizkigu: «Laguntza ematen duen pertsona bakoitzak bi hautu ditu, sagarrondoa berak hartu (finkatutako banaketa egunetan etorrita) edo gure esku utzi. Bestalde, eta ez da deus konfirmatua oraindik, baina Baionan sagartze bat sortzeko ahaleginetan gabiltza, ‘Euskararen sagartzea’ deituko duguna, eta bertan 400-500 sagarrondo landatzea da gure xedea. Sagarrondo horiek, laborari baten esku utziko genituzke, berak bere mozkin partea hortik egin dezan, eta guk sagartze hori ikasleekin baliatuko genuke, aktibitate pedagogiko batzuk antolatuz eta sagar batzuk guk baliatzeko gisan, urtero sagar zukua egiten baitugu ikasleek bildutako sagarrekin, gure geletako proiektuak finantzatzeko».

Bestalde, badute beste helburu bat ere: «Euskararen sagartzearen ildotik, espero ez genuen ezusteko ona ukan dugu. Iparraldeko hainbat herriko etxek haien herrian ‘Euskararen sagartzeak’ sortuko dituzte. Momentuz honokoak publikoki agertu dira, Itsasu eta Sara; eta laster publiko izanen dira Azkaine, Bidarte, Maule, Kanbo, Luhuso... Horrek erakusten digu sagarrondoen kanpaina, euskararen aldeko kanpaina bihurtu dela, eta nire ustez lorpen handia da denontzat, lizeoaz harago».

Aldiz taldearen abestia

Kanpainari laguntzeko ikasle talde batek abesti bat ere sortu du. Elkarrekin ikasten dute, Hazparne ingurukoak dira, eta Aldiz izena du haiek sortutako musika taldeak, abestiak, aldiz, “Sagarrak”, nola bestela. Aritz Acheriteguyk bateria jotzen du, Eneko Nespriasen eskuetan dago “baxoa”, ikastekoa ez, jolastekoa baizik, bi gitarra daude taldean, Iñaki Elgar eta Joni Pocheluk astintzen dituztenak, eta teklatua Luken Errecarretek ferekatzen du Iñakirekin batera ahotsak egiten dituen bitartean.

Zer musika mota egiten duten galdeturik zalantza askorik gabe erantzuten dute: «Denetarik egiten entseatzen gara, baina nagusiki rock doinuak dira gure ardatza. Ahal bezainbat influentzia baliatzen ditugu bestalde, gustuko ditugun gauzak, izan daiteke jazza edo baita metala ere». Goxo, apalki hitz egiten dute, hasiberrien inozentzia horrekin, baina talentuaren segurtasuna ere atzematen zaie gardenki. Abestiaren nondik norakoa kontatzeko eskatuta, hona erantzuna: «Batzuek diote baduela Errobi taldearen zerbait, ez dakigu, denon artean egin dugu, nahasia izan da, hau da, idazketan ere denok hartu dugu parte eta emaitzaz aski kontent gara, orain bideo bat egiten gabiltza eta laster batean plazaratuko dugu».