NAIZ
BILBO

EH Bildu gaixo dauden presoen senideekin bildu da: «Ez dago denborarik, hiltzen ari dira»

EH Bildu larriki gaixo dauden presoen senideekin bildu da. «Ez dago denborarik gaixotasun larriak dituzten presoak hiltzen ari dira-eta», adierazi du koalizioak. Honekin amaitzeko presoen kaleratzearen aldeko mobilizazio «indartsuak» sustatzea «ezinbestekoa» dela adierazi dute.
 

EH Bildu larriki gaixo dauden presoen senideekin bildu da. (Monika DEL VALLE / ARGAZKI PRESS)
EH Bildu larriki gaixo dauden presoen senideekin bildu da. (Monika DEL VALLE / ARGAZKI PRESS)

EH Bilduren ordezkaritza bat bilduta izan da gaur goizean gaixotasun larriak dituzten euskal preso politikoen senideekin. Presoek bizi duten egoera «latza» eta preso horien espetxealdia ahalik eta gehien luzatzeko espainiar Gobernuak hartu duen erabakia izan dute hizpide.

Jasone Agirre parlamentaria, Josu Unanue batzarkidea eta Arnaldo Otegi izan dira EH Bilduren ordezkariak. Agirrek «ez dagoela denborarik gaixotasun larriak dituzten presoak hiltzen ari direlako» nabarmendu du eta gehitu du «ez garela espetxe onurak eskatzeaz ari, legea betetzeaz baizik».

Horregatik, gaixotasun larriak dituzten presoak «urgentziaz etxera ekarri behar direla» azpimarratu du. Zentzu horretan, gogor kritikatu du espainiar Gobernuaren espetxe politika. Bere esanetan, «PPren mendeku gosea ase ezina da, bihozgabea erabat».

Parlamentariaren hitzetan, «bakegintzan benetako urratsak eman nahi badira espetxe politika aldatu behar da». Hala ere, adierazi duenez, «ezinbestekoa» da presoen kaleratzearen aldeko mobilizazio «indartsuak» sustatzea.