Amalur ARTOLA
GASTEIZ

Zu ere izan zintezke «Miss Karaoke»

Bihar aurkeztuko du bere burua «Miss Karaoke»-k. Lau aktoreren energia da «Miss Karaoke». Performancea, umore absurdoa eta poesia bisuala ere bada. Baina, batez ere, nork bere buruari galderak egitea da, itaunketa kolektibo-indibiduala, egunero egiten diren hautu txiki-handien kontzientzia hartze ezerosoa. Oier Guillanek idatzitako zirriborroaren gainean Metrokoadrokak eta Pez Limbok eraikitako obra bihar estreinatuko da, Gasteizko Principal antzokian.

Metrokoadrokaren estetika, poetika eta lan-moldearen zigilua daramatzan obra da “Miss Karaoke”. Donostia 2016ren Dramaturgia Berriak deialdiaren baitan eta Gasteizko Principal antzokiaren laguntzaz ekoitzitako obra honetan, Pez Limbo konpainia gasteiztarraren lankidetza izan du Errenteriako kolektiboak eta, Arabako hiriburuan sorturiko obra izanik, eskualdeko aktoreek izango dute nagusitasuna oholtzan: arabarrak dira Javier Fernandez Jabitxin, Unai Lopez de Armentia eta Marina Suarez Ortiz de Zarate, eta bilbotarra, aldiz, Iñaki Ziarrusta. Laurak izango dira Miss Karaoke, banaka zein kolektiboki.

Antzezlana eraikitzeko Oier Guillanen zirriborro bat eta “Mr. Señora” liburuko bi testu izan dituzte oinarri taldekideek: antzerki-obren bilduma horri izena eman zion “Mr. Señora” eta “Hautudeterminazioa”. «Horiek izan dira ‘Miss Karaoke’ egiteko nolabaiteko tranpolinak, formatu handiagoko zerbait egiteko balio izan diguten haziak», azaldu du egile errenteriarrak.

Bere hitzetan, antzezlanaren gaia hobekien definitzen duen hitza “identitatea” da, baina obrak ardatz narratibo jakinik ez duela dio; «gehiago da aktore bakoitzak duela energia bat, horren bila joan gara. Bakoitzak energia bat aportatzen du pertsonaia jakin bat baino gehiago, eta askotan bakarra dira, baina banaka bakoitzak badu bere kolorea. Azkenean, nahiz eta Iñaki Ziarrusta gehiagotan sartzen den Miss Karaokeren azalean, kontzeptu bezala guztiak dira Miss Karaoke eta hori luzatzen diote publikoari, edonor izan daitekeela Miss Karaoke».

Hala, “Miss Karaoke”, funtsean, nork bere buruari galderak egitea dela dio, kasu honetan identitatearen inguruan: «Badago galderen estetika bat. Galdera piloa planteatzen dira, baina ez erantzun bildumarik, ez da diskurtso edo aldarririk egiten, ez da erantzun bat inposatzen, gehiago da galderen beharra nabarmentzea, egunero egiten ditugun hautu txiki-handi horien gaineko kontzientzia hartzea. Hortik aurrera, norbera da Miss karaoke eta norberak ikusi behar du zeintzuk diren bere erantzunak».

Identitatearen aukeraketa

Miss Karaokek «identitatea aukeratu egiten da, edo identitateak aukeratzen zaitu zu?» gisako galderei erantzun beharko die, hizkuntza hautaketaren gaineko gogoetetan ere murgilduko da, eta, horretan, «tranpa» pixka bat ere egin dutela onartzen du Guillanek, «galderak inoiz ez direlako objektiboak. Galderen inguruko estetika hori garatzean etengabe ari zara bilatzen mina non dagoen, hatza sartu eta masajeatzeko. Hori dira galderak guretzat», azaldu du, eta galdera “ezeroso” horiek euren buruari ere egin dizkiotela azaldu du: «Sortze prozesuan geure burua leku ezerosoetan jartzen saiatu gara, gauza asko pasatu zaizkigu burutik eta gorputzetik. Guk horrela ulertzen dugu antzerkia».

Metrokoadrokan ohikoa den moduan, obrak badu perfomancetik, umore absurdotik eta poesia bisualetik. Antzezlana «oso korporala» dela ere nabarmendu du eta, eszenografiarako, minimalismora jo dutela azaldu du, fokua antzezleen lanean jar dadin, artifiziorik gabe. «Jantziei eta argiztapenari garrantzia handia ematen diogu; eszenografian dagoen gutxia oso ondo zaindua dago. Azkenean, lau aktore ditugu kolektibo batek sentitu duena adierazteko gogoarekin, ideia batzuekin, gauzak egiteko gaitasun korporalarekin eta, ahal dela, hori guztia zintzotasunez transmititzeko gogoarekin».