Oihane LARRETXEA

Zer dira 8 kilometro, senideek egiten dituztenen aldean?

Jaio eta berehala hiltzeko nahiarekin sortu zen Lasterbidean, presoen etxeratzearen aldeko lasterketa. Bost urte igaro dira geroztik. Oñatik beso zabalik jaso zituen atzo bertaratutako ia 750 parte hartzaileak, senideek adierazi zutenez, «luzea eta trabaz betea» izango den bidea kemenez egiteko prest.

Zein gastatua dagoen «garrantzitsuena parte hartzea da» esamoldea, ezta? Baina hain da egokia Lasterbidean-en kasuan, eta beraz hain aproposa lerrootara ekartzea… Presoen urruntzea amai dadin laguntzeko kirol mundutik ekarpena egiteko nahiarekin sortua, ez zen harritzekoa parte hartzaileen artean maila ikustea, bereziki lehen lerroetan jarri zirenen artean, dortsalean zenbaki txikia zeramatenen artean… Zenbait hanka eta bizkarralde ikusita, korrikalari iaioak, bai, gizon zein emakume, baina beste kontu batzuetan ari ziren aldez aurreko momentuetan. Eguneroko saioetan zenbat denbora zehatz-mehatz neurtzen dion ordulari profesionala etxean utzi zuela aitortu zigun Ander oñatiarrak, «ez garelako horretara etorri». Eta lesioak lesio, kamiseta gorria jantzi zuen.

Zornotzako Haizearekin egin genuen topo. Kirolaria, beste lasterketa batzuetan aritzen dena. «Eta honetan zergatik ez?», galdetzen zuen, jendea animatuz. Urruntzea amaiarazteko eskaera egunero praktikatu behar dela iritzita, halako hitzorduak ezinbestekoak direla erantsi zuen, eta zifra konparaketa sinple baino esanguratsu bat egin zuen. «8,3 kilometro ditu ibilbideak. Senideek asteburuero asteburuero ehunka egiten dituzte, arriskuak hartzen dituzte, istripuak gertatzen dira… zer dira, ba, 8,3 kilometro, haiek egiten dituztenekin alderatuta?».

Itxaropenaren kolorea

Aurtengo edizioan patinatzaileei ere eman zaie parte hartzeko aukera eta horiek abiatu ziren lehenengo hamaika begi asfaltoan jarrita, euria gogotik bota zuelako eta irrist egin eta oreka galtzea erraza zelako.

Horren ondoren, ibilbide luzea egin behar zutenen txanda iritsi zen eta 12.00ak pasatxo herritik bertatik igarotzen zen ibilbide laburra egin zutenena. Hernani, Donostia, Agurain, Barakaldo, Andoain… hamaika herritatik bertaratuak, 750 parte hartzaile inguru izan ziren.

Lehenengoek helmuga gertu zutenean hasi zen denbora luzean atsedenik eman ez zuen euri zaparrada. Amaieran irriak, besarkadak, eta irudi bitxiak. Gabriel eta Jonek eskaini zutena, kasu. 60 urte lehenak, hamaika inguru bigarrenak, parte hartzaile gazteenetakoa hain justu. Ez zuten elkar ezagutzen, baina elkarrekin heldu ziren, elkarri helduta. Erretiroa hartzear den Gabriel irakasleak, Portugaletetik bertaratua, «hunkituta» kontatu zion GARAri ez zirela familiakoak, alegia, ez zutela inongo loturarik, «ez bada gaurko aldarrikapena». «Hemen sentimendu asko biltzen dira», zioen «egoera hori behingoz amaitzeko» balioko duen itxaropenaz.

Itxaropena. Horretaz mintzatu ziren amaiera ekitaldian presoen senideen izenean Begoña Usandizaga eta Manttoni Plazaola. «Bihotzez eskertuak» bultzadagatik, berotasunagatik, malkartsua den bidea egiteko jasotzen duten sostenguagatik. «Gaur ikusi dugu itxaropenaren kolorea ere gorria badela eta hamaika aurpegi dituela», adierazi zuten korrikalarien kamiseten koloreagatik.

«Batzuetan oinez, besteetan autobusez, edo korrika, elkartasun pausoak ematen ari gara. Etengabe». Geldialdirik gabeko lasterketa dela, eta luzea bakarrik ez, «oztopoz betea» dagoela jakitun dira; baina «arnasa ondo hartuta», helmuga berandu baino lehen hartzeko indarrak batuko dituztela esan zuten senideek; «honek ezin baitu denbora luzean itxaron».

Ohi bezala, podiuma egin zuten parte hartzaileek presoek egindako eskulanak jaso zituzten sari gisa. Herrera, Murtzia, Rennes, Monterroxo, Caceres, Villena, Granada, Fontcalent, Badajoz, Saint Martin de Re… urrunetik heldu ziren opariak Oñatiraino. Eta Oñatitik urruneko leku haietara bueltan ehunka pertsonen maitasuna.