GARA
BILBO

36ko biktimak umiliatzen ibili dira Bilbon Falange Vasconavarra taldeko kideak

Sare sozialetan iragarritako topaketa baliatuta, Falange Vasconavarrako kideek pintaketa ugari egin dituzte Bilbon, deigarriena Artxandan, «Aztarna» oroitarrian. Urkullu lehendakariak gertatutakoa gaitzetsi du.

Aurreko astean bolo-bolo zebilen sare sozialetan honako mezu hau: «El sabado 19 los falangistas vasconavarros nos reuniremos en nuestra sede de Bilbao. Posteriormente habrá cena y poteo por el Casco Viejo». Baina inork ez zuen eragotzi eta azkenik ez zen bakarrik afari-poteoa izan; indar erakustaldi moduko batean, larunbatean jaiak abiarazi zituen suziria jaurti zen unean bertan, Begoñako igogailutik hogei metroko bandera gorri eta horia eskegi zuten (Twitterreko kontu berean bere gain hartu du ekintza aipaturiko Falange Vasconavarra taldeak), eta, atzo goizaldean, pintaketa faxista ugari agertu ziren Artxandan.

Gudarien omenez Artxandan jarritako “Aztarna” oroitarrian, esaterako, Falangeren aldeko lelo bat idatzi zuten. Zortzi metroko altuera duen eskultura da “Aztarna”, aski ezaguna eta askotariko ekitaldiak egiteko agertoki gisa oso erabilia.

Bilboko udal talde eta eragile ugariren gaitzespena ekarri dute erasook, tartean Juan Mari Aburto alkatea. Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak berak ere salatu zituen. «Demokraziaren eta askatasunaren aurka» egin dutela adierazi zuen Urkulluk. Eta Aburtok, hauxe: «1936an ezin izan zuten lortu eta hemen oraindik herri bat dago zutik».