NAIZ
DONOSTIA

8.000 botila baino gehiago dastatu dituzte Donostian ospatu den Sagardo Egunean

Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak antolatuta, milaka pertsona hurbildu dira Donostiako Konstituzio Plazan egin den Sagardo Egunera. Guztira 34 sagardogileren 8.000 botila edan dituzte.

Jendetza bildu du Sagardo Egunak Konstituzio Plazan. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Jendetza bildu du Sagardo Egunak Konstituzio Plazan. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Antolatzaileen arabera, 5.000 pertsona inguruk hartu dute parte Donostiako Konstituzio Plazan egin den Sagardo Egunean.

Euskal Jaien baitan egindako ekitaldi honetan, beren sagardorik onenak dastatzeko aukera eman dute Gipuzkoako 34 sagardogilek. Guztira 8.000 botila edan direla azaldu dute.

Trikitixa doinuek girotuta, sagardoaren lagungarri izan dira bakailao tortilla eta txorizo eta gazta pintxoak.

XXXII. edizio honetan, sagarra jo, zanpatu eta muztioa dastatzeko aukera izan da Konstituzio Plazan bertan. Gerturatu direnek muztioa nola egiten den ikusi eta 2017ko uztako lehen muztioa dastatzeko aukera izan dute. Modu honetan, sagardogintzak atzean duen lan eta kultura guztia helarazi nahi izan du sagardogileen elkarteak.

Sagardogileen toparen eta argazki ofizialaren ondotik, dantzari eta txistulariekin batera omenaldia egin zaio Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko Joxe Miguel Bereziartuari, eremu honetan egindako lanarengatik. Eva Aranburu emaztearekin batera igo da oholtzara eta Ibon Aburuza elkarteko lehendakariak semeei eman dizkie oroigarriak, elkarteko irudia duen pin berezia eta lore sorta, gurasoek haien eskutik jaso zitzaten.

Aitor Mendiluze eta Oihana Iguaranen bertsoek borobildu dute ekitalditxoa.

Ondoren, sagardo berezien dastaketa egin dute eta sagardogileek ekoizten dituzten produktu guztien –75etik gora– erakusketa egin dute.