Idoia ERASO
BAIONA

Euskaraz inoizko eskaintza zabalena Iparraldean bihar hasiko den kurtsoan

Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleek bihar hasiko dituzte klaseak Ipar Euskal Herrian. Eremu publiko eta pribatu katolikoan inoiz baino aukera gehiago dago adar elebidunean euskaraz ikasteko. Irakasle euskaldunen kopurua mugatzeak eskaintza baldintzatu du.

Ikasturte berri honetan irekiko diren klase elebidunekin, Ipar Euskal Herriko eskualde guztietan euskaraz ikasteko ere aukera badagoela nabarmendu zuen Olivier Mioque Euskararen Erakunde Publikoko hezkuntza arduradunak. Herri guztietan eskaintza hori bermatua ez bada ere, eremu geografikoa gero eta zabalagoa da, eta bereziki Bigarren Hezkuntzari dagokionez Zuberoan zegoen hutsunea betetzea lortu da.

Irakaskuntza publikoko Lehen Hezkuntzan Baionako Arennes eskolan eta Zuberoako Ligi-Liginagako Herriarteko Eskola Elkargoan klase elebidunak irekiko dira. Bigarren Hezkuntzari dagokionez, Angeluko Cantau eta Sohütako Pays de Soule lizeoetan ere izango da aukera. Azken honi esker Zuberoan ere ikasketak euskaraz jarraitu ahal izango dira. Angeluko irekierak ere badu garrantzia, orain arte inguru horretako ikasle guztiek jada saturatuta zegoen Baionako Cassinera joan behar izaten zutelako.

Hezkuntza pribatu katolikoari dagokionez, Mauleko Pays de Soule eta Hiriburuko Saint Pierre eskoletan ere izango dira gela elebidun berriak. «Bilan positiboa egiten dugu, kontent gara gauza anitzetan aitzinatu garelako. Batzuek erraten dute EEPn beti kontent garela, baina pittaka-pittaka badoa», baieztatu zuen Mioquek.

Irakasleen eskasia

Urteak dira Euskararen Erakunde Publikotik jende euskaldunari dei egiten zaiola irakaskuntzara zuzendu dadin, gaur egungo euskarazko irakasleen eskasiari erantzuteko. Horretaz gain, bestelako bekak eta formazio bereziak ere plantan ezarri dituzte hezkuntza eremuko profesionalak euskalduntzeko.

Urritasuna eremu batzuetan nabarmena da, kolegioetan esaterako. Frantses eta euskararen arteko denbora parekotasuna lortzeko urratsak egin dituzte sei zentrotan, nahiz eta oraindik urrun izan. Pribatuari dagokionez ere aurten Bigarren Hezkuntzako bederatzi irakasle formatu dituzte klaseak euskaraz eman ahal izateko.

Haur Hezkuntza publikoan, bi eskola gehiagotan euskara hutsean emango dituzte klaseak, Baionan eta Urepele-Bankako Herriarteko Eskola Elkargoan. Urruñak ere eskaera egin du sistema esperimental horretan sartzeko, baina Mioquek azaldu duenez, irakasle falta dela-eta Hezkuntza Akademiatik ezezko erantzuna eman dute. Gaur egun hamabost eskoletan dago plantan, eta hiru edo sei urtero berraztertzen bada ere, orain arte ez da inoiz atzera egin.

 

Seaskak ikastola, kolegio eta lizeo berri bana irekiko ditu

Hezkuntza publiko eta pribatuan bezala, Ikastolen Federazioko ikasleek ere aukera gehiago izango dituzte aurten ikasketak euskaraz egiteko. Seaskak ikastola berri bat irekiko du Bokalen, eta Baionan Bigarren Hezkuntzako kolegio eta lizeo berriak izango dira.

Ez arazorik gabe, baina bihartik aurrera ikastola izango du Ipar Euskal Herrian halakorik ez zuen hiri bakarrak. Francis Gonzalez auzapezaren nahiari aurre eginez zentro berria izango da Lapurdi iparraldeko herrian. Lurralde okzitaniar bezala aldarrikatua duen Bokalen euskarazko irakaskuntza eskaini ahal izateko gaskoiz irakasten duen Calandretarekin batera proiektua osatzera behartu zuen Seaska. Alta, ikastolak soilik bildu du jendea zentro berria irekitzeko, eta horren ondorioz zortzi ikaslerekin abiatuko da bihar. Kopuru hori laster gaindituko dela jakinarazi zuen Lucile Darigrand irakasleak, urtarrilean hasteko guraso berriak jada interesatuak agertu baitira. Gaur egun 30 haur bokales inguruko hirietara joaten dira klaseak euskaraz jasotzeko. Gonzalezek egoera berria onartu du, herritarrek egindako hautua dela nabarmenduz.

Baionan hezkuntza akademikoaz gain, profesionala ere eskainiko duen Bernart Etxepare lizeo berriak ateak irekiko ditu. Orotara 300 ikasleri egingo die harrera eraikinak, eta horietatik 28 adar berrian izango dira.

Orain arte Bigarren Hezkuntzako lehen urteak Baionako hirigunean egiteko parada ez zuten ikasleentzako Seaskak kolegio berria ireki du lehengo lizeoaren egoitzan. Ziburun, Kanbon eta Larzabalen dauden kolegioekin batera lau zentro izango ditu orain Ikastolen Federazioak.GARA