
Azken urteetako hausnarketa prozesuak eta hiriko baliabide eta ahaleginak literaturaren mesederako lerratzeak bideratu du aurten Literaktum jaialdia programazioan inoiz baino aberatsagoa izatea. Izan ere, ohiko kolaboratzaileei EHU, Euskadiko Filmategia, Kutxa Kultur, Donostiako Udaleko sail berriak, Gastronomiako Euskal Anaiartea, Tabakalera, Dbus, Frantses Institutua eta Euskarazko Wikipedia batu zaizkie, eta horietako bakoitzak jarri duen aleak elikatu du helburuetan tinkoagoa eta programazioan aberatsagoa eta zabalagoa den jaialdia.
Saretze horrek nobedadeak ere ekarri ditu. Hala, aurten irudi berria izango du Literaktumek, programazioa atalka banatuko da, haurrei zuzendutako ekimenek Literaktum Txikia atalean hartuko dute aterpe eta data aldaketa ere izango da: hemendik aurrera maiatzean egin beharrean azaroan egingo da jaialdia, Durangoko Azokaren gertutasunak erakarrita.
Horrela, aurten azaroaren 14tik 25era egingo da eta hiru hausnarketa bide nagusi izango ditu: nobela eta historiaren arteko harremana, utopiaren indarra eta liburu ilustratua. Jaialdiaren aurkezpenean Iñaki Gabarain Literaktumeko edukien koordinatzaileak azaldu zuenez, errusiar iraultzatik ehun urte betetzen direla-eta egingo da utopia kontzeptuaren gaineko gogoeta eta horien gaineko hausnarketan ariko dira, saio ezberdinetan, Fernando Vicente, Diego Moreno, Iñaki Urdanibia, Ivan Repila, Sergio del Molino eta Belen Gopegui. Nobelaren eta historiaren arteko loturaren gainean Almudena Grandes, Uxue Alberdi, Ignacio Martinez de Pison eta Bernardo Atxaga ariko dira eta ilustrazioaren gaineko kontuak, aldiz, David Foenkinos, John Banville, Sara Mesa eta Marta Sanzek landuko dituzte. Solasaldiak, ohi bezala, hiriko liburu-dendetan egingo dira.
Literatura otordu
Programa orokorretik kanpo, jarduera berezien atalean honakoak izango dira: filmen emanaldiak (Ramon Saizarbitoriak proposatutako “Ma nuit chez Maud” eta Nosferatu zikloaren barneko “Metropolis”), Petti eta Irati Jimenezen “Nigan, ispilu batean bezala”, Victor Hugo oinarri duen ibilaldi literarioa, “Isturitzetik Etiopian barrena” ikuskizuna eta Madame Bovary oinarri duen afari literarioa, azken hau Gastronomiako Euskal Anaiarteak antolatuta.
Programa osatzen duten 40 jardueren artetik EHUrekin elkarlanean egingo den “Filosofia zuzenean” ekimena ere nabarmendu zuen Gabarainek. «Pentsamendu literarioa plazara ateratzeko» ahalegin honek Tabakalerako tabernara zenbait eztabaidagai ekarriko ditu: animaliekiko harremana, umorea eta zentsuraren arteko muga eta «normaltasun» kontzeptuaren definizioa. Elkarlan ezberdinen ildotik, nagusiki ilustrazioa oinarri duten zazpi erakusketa ere bilduko ditu Literaktumek. Horien artetik Aiete kultur etxean dagoen “Wangri Maathai eta bakerako zuhaitzak”, Sara Moranteren iruditeria definitzen duen “Corpus” eta San Telmon ikusgai dagoen “Uhartearen altxorra” nabarmendu zituen Gabarainek.
Eta, lehenengoz, haurren egitarauak izen propioa izango du: Literaktum Txikia. Izen horren pean bilduko dira irakurraldiak, tailerrak, antzezlanak (Zirkozaurre-ren “Vademekum”, Dar-dar-en “Harea” eta Borobil-en “Ali Bada eta 40 lapurrak”), musika ikuskizunak eta beste hainbat ekitaldi.

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

Euskal musikaren sektoreak kezkaz begiratzen dio makrokontzertuen gorakadari

Científicos que trabajan en Groenlandia alertan del riesgo de una apropiación de Estados Unidos

«Rotundo rechazo» de EH Bildu, Elkarrekin y PSE a la presencia de Desokupacyl en Zornotza
