NAIZ
TRAPAGARAN

Egungo garai eta baldintzetara egokitutako eredu sozialista aldarrikatu du Sortuk

Sobietar iraultzaren mendeurrenean, hau omentzeko ekitaldia egin du sortuk Trapagaranen. Bertan, sozialismoaren aldeko borrokan berretsi da alderdi independentista, eta egungo «garaietara eta baldintzetara» egokitutako eredua defendatu du, subiranotasunean eta estatu propio baten defentsan oinarritzen dena.

Arkaitz Rodriguez, Sorturen idazkari nagusia. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)
Arkaitz Rodriguez, Sorturen idazkari nagusia. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)

1917ko Urriko Iraultza omenduz ekitaldia egin du Sortuk Zugaztietan, Trapagaranen. Bertan, Arkaitz Rodriguezek egin du hitzartze nagusia, bi lezio «oso garrantzitsu» oinarri hartuta: «Posible dela» eta «antolakuntza eta borrokaren garrantzia».

100 urte beranduago kapitalismoak «are arrazoi gehiago» ematen ditu alternatiba baten alde borrokatzeko Sortuko idazkari nagusiaren esanetan: «Izan ere, munduko 62 pertsona aberatsenek munduko biztanleriaren erdiak adina aberastasun dute, eguneko 24.000 pertsona hiltzen dira gosez, 600 milioi haur muturreko pobrezia egoeran bizi dira eta emakumeen %75ak pairatu du gutxienez erasoren bat».

«Oasi» batean bizi garela esaten dutenen aurrean, Euskal Herriko datu sozioekonomikoak mahaigaineratu ditu Rodriguezek: «400.000 pertsona inguru pobrezian, bost urtean 1.158 familia etxegabetuta, bost emakume erailda...». «Beraz, hemen ez dago oasirik», azpimarratu du.

Horregatik, sozialismoaren aldeko borrokan berresten direla adierazi du; nolanahi ere, sozialismo eredu propio baten alde egin du: «Ereduak ez dira mimetikoki inportagarriak. Ereduak tokian-tokiko eta unean-uneko baldintzei egokitu behar zaizkie. Beraz, guk gure sozialismo eredu propioa asmatu behar dugu; gure iraultza propioa egin behar dugu».

Eredu hori subiranotasunaren eta estatu propio baten defentsan oinarritzen dela azaldu du eta, zentzu horretan, Kataluniako herria egiten ari den bidea goraipatu du. Ildo horretan, ekarpenik hoberena Euskal Errepublikaren alde egitea dela aldarrikatu du: «Estatu dezente baten aldeko borroka». Estatu hori, banderaz aldatzeko baino, egungo garaira egokitutako eredu sozialista berri bat eraikitzeko nahi du Sortuk.