NAIZ+

Alea aldizkaria, arabar euskaldunen babes bila

Araban euskarazko kazetaritzak aurrera egin dezan, Aleakideak egitera deitu ditu herritarrak Alea aldizkariak. Bereziki, urteko harpidetza egiteko gonbidapena luzatu dute.

Arabar euskaldunen atxikimendua bilatu nahian, ALEAkide kanpaina abiatu du Alea aldizkariak. Agerraldi batean aurkeztu dute lurraldeko euskarazko aldizkari bakarrari bultzada eman nahi dion dinamika. Komunikabideen aitzinean azaldu duenez, «gero eta arabar gehiagok egin dute euskararen aldeko apustua hezkuntzan eta aisialdian, baina, oraindik ere, gaztelera nagusitzen da komunikabideen esparruan». Gauzak horrela, bertako kazetaritza euskaldunaren alde egitera dei egin dituzte herritarrak, eta, norabide horretan, ALEAkide izatera animatu dituzte.


Ekarpenak, aukeran
Zehaztu dutenez, modu asko daude ALEA lagundu eta babesteko, hala nola diru-ekarpena egitea, bertan iragartzea, komunikabidean parte hartzea edo edukien zapalpenean laguntzea.

Agerraldian, ostera,, aldizkariaren urteko harpidetza egiteko gonbidapena luzatu dute (55 euro urtean), proiektua ekonomikoki bideragarria izan dadin. Bakoitzak bere ekarpena egin ahal izan dezan, ALEAkideak orrialdea zabaldu dute ere.

Datozen asteetan, era berean, proiektua zabaltzeko hainbat ekintza abiatuko dituztela iragarri dute, hala nola aldizkariaren aurkezpenak, banaketa bereziak eta merchandising berriaren aurkezpena. 
«Arabako euskaldunok euskaraz bizi gaitezen, ezinbestekoak ditugu bertako euskarazko komunikabideak, gertukoak, irekiak eta kalitatezkoak», zehaztu dute.