Haritz LARRAÑAGA

Tokiko trenen eta zerbitzu publikoen defentsan «sufrearen trenbidean»

Baionako tren geltokia eta ospitalea lotzen dituen «sufrearen trenbidea» hartu zuten atzo sektore anitzetako kideek «arlo pribatuan zein publikoan gauzatzen ari diren borroken arteko konbergentzia sinbolizatzeko». Gaur, 28. greba egunean, berriz mobilizatuko dira trenetako langileak.

Trenbideetako 200 grebalari baino gehiago elkartu ziren atzo Baionako geltokian, «Gobernu frantsesa sektore publikoaren kontra eramaten ari den erasoaldiari erantzuteko». Horiekin batera, CGT, SUD Rail eta LAB sindikatuek deituta, beste sektoreetako kideak eta osasungintzako langileak elkartu ziren. EH Bai eta France Insoumise alderdietako kideak eta Aitzina, Bizi eta gisako elkarte anitzetako kideek ere bat egin zuten mobilizazioarekin. Guztira, 400 bat lagun batu ziren.

Trenbideetako grebalari asko ileordeekin eta maskarekin mozorrotuta zeuden; izan ere, SNCF enpresak tren geltokiko kamerak grebalariak identifikatzeko erabiliko zituen zurrumurrua zabaldu zen.

Tren txikia eta ospitalea

Atzoko ekimenak bi aldarrikapen nagusi zituen. Batetik, Baiona zeharkatzen duen «sufrearen trenbidea» erreibindikatzea, eta bestetik, zerbitzu publikoaren defentsan mobilizatzen ari diren osasungintzako langileekin bat egitea. Aitzitik, Baionako tren geltokitik ospitalera arteko bide luzea trenbidean zehar egin zuten manifestariek.

Jean-Michel Dirassar LABeko kideak hau azaldu zion GARAri: «Hiriko zein inguruetako trenek bizi behar dutela diogu, lanera joateko eta hirian mugitzeko tren txikia erabiltzeak errepideetan kamioi eta auto gutxiago izateko egiten dugun proposamen ekologikoarekin bat egiten baitu. Horregatik, esaten dugu Euskal Elkargoak garraioen eskumena bere gain hartzeko indar egin behar dela, modu horretan, egun zerbitzu pribatu direnak publiko bilakatzeko aukera izango bailitzateke».

Sufrearen trenbideak Baionako zubia zeharkatu zuen unean izan zuen atzoko protestak ikusgarritasun handiena. Urrundik ikus eta usna zitezkeen manifestariek zeramatzaten bengala gorriek isurtzen zuten ke eta usain garratza.

Macronen lan erreforma berria iragarri zen unetik zerbitzu publikoa defendatzeko mobilizatzen ari diren Baionako ospitaleko langileak ere ke artean ziren, baina zirujauen maskarei esker ez zuten arnasa hartzeko arazorik. Horien bozeramaileetako batek argitu zuenez, kirurgialari gisara atonduta «pixkanaka sektore publikoa hilzorian dela» irudikatu nahi zuten.

Ospitale inguruan diren Carrefour eta Castorama bezalako merkataritza guneek ere bat egin zuten. Sindikatu abertzaleko ordezkariak adierazi zuenez, «sektore guztiak batuz, indar handiagoa egin ahal dugu».

Greba luzatzen

Ospitale atarian amaitu zen hitz-hartzean Senatuan iragarri dituzten aldaketen inguruan fede gutxi erakutsi zuten sindikatuek. «Aldaketa gutxi batzuk egiten dituzte, baina muinetik urrun dira, ez dugu batere itxaropenik; gure indarra izango da karrikan segitzea, jendea geureganatzea, eta mugimendua indartuz erreforma kentzea», azpimarratu zuen Dirassarrek.

Gaur, grebarekin jarraitzea bozkatu eta hurrengo ekintza zehaztearekin batera, manifestazioa eta bideo emanaldia egingo dituzte Hendaian. «Hasieran hiru hilabeteko greba behar zuen, baina ezer lortzen ez bada jarraitzeko prest da jendea eta udan izango dira aukerak erakusteko haserre gaudela», esan zuen LABeko ordezkariak.