naiz
Bilbo

Pobrezia eta bazterketaren aurkako mobilizazioa deitu du Eskubide Sozialen Kartak asteazkenerako

Pobrezia eta gizarte bazterketaren kontra mobilizazioa deitu du Eskubide Sozialen Kartak asteazkenerako, 10:30ean, Gasteizko Parlamentuaren aurrean. Bestetik, hasi dira Legegintzako Herri Ekimena Gasteizko Legebiltzarrean eztabaidatua izan dadin beharrezkoak diren 10.000 sinadurak jasotzen.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak mobilziazioa eta LHEa aurkeztu dute. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak mobilziazioa eta LHEa aurkeztu dute. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak mobilizazioa antolatu du ekainaren 13rako Gasteizen, pobreziaren eta gizarte bazterketaren kontra martxan jarri duen Legegintzako Herri Ekimena (LHE) bultzada eman asmoz. Mobilizazioa 10:30ean izango da General Loma Plazan, Gasteizko Parlamentuaren aurrean.

Ekimen honen antolatzaileak hasi dira LHEa Gasteizko Legebiltzarrean eztabaidatua izan dadin beharrezkoak diren 10.000 sinadurak jasotzen. Urriaren 30a bitarte izango dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrek euren babesa eskaini eta sinadura emateko aukera.

Gaur Bilbon mobilziazioa bera eta sinadura bilketa aurkeztu dituzte. Bertan izan dira ELAren gizarte politiken arduradun Mikel Noval eta LABeko  Bea Martxueta, eta adierazi dutenez instituzioek «ez dute egiten euren esku dagoen guztia» herritarroi «kalitatezko» babes sozial publikoa bermatzeko, «ezta pobreziaren eta bazterketa sozialaren kontra borrokatzeko» ere. «Horregatik herri ekimen legegilea egiten ari gara, instituzioen eta politika publikoen lehentasuna ezin direlako bankuak, enpresa handiak eta espekulatzaileak izan, lehentasuna herritarrak izan behar gara».