GARA
BILBO

EAEko alokairuen prezioa maximo historikora gerturatu da

Azken urteotan alokairuko etxebizitzek izan duten bilakaera aztertu du ELAren Azterketa Bulegoak eta, txostenak jasotzen dituen datuen arabera, alokairuen prezioa «etengabe» igo da. 952,2 euroan, azken bederatzi urteetako prezio altuena erregistratu da aurten EAEn.

«Alokairuen burbuila ote dator?»; galdera horrekin aurkeztu zuen ELAk azken urteotan Hego Euskal Herrian alokairuko etxebizitzek izan duten bilakaera. Galdera horren atzean prezioak maximo historikoetatik gertu kokatu izana dago; honek «orain dela urte batzuetako egoera dakarkigu burura, hain zuzen 2007. urtera bitartean gertatutakoa».

EAEko datuei dagokienez, 2018ko aurreneko hiruhilekoari erreparatuz, batez beste alokairuen prezioa hilabeteko 952,2 euroan kokatzen zen, azken bederatzi urteetako altuena, alegia. 2013tik aurrera ezarri zen goranzko joera, 2010eko batez bestekoa 921,5 euroan kokatu zenez geroztik.

Gipuzkoan zein Bizkaian maximo historikoetara gerturatzen ari dira eta, ELAk zehaztu zuenaren arabera, leku batzuetan maximo horiek jada gainditu dira: «Donostian, adibidez, hilabetean batez beste 1.057 euroko alokairuak ordaintzen dira».

Babes sozialeko alokairuari dagokionez ere gorakada garrantzitsua izan du, azken hamar urteetako datuei begiratuz gero. 2008. urtean hilabeteko batez bestekoa 194,1 eurokoa zen; 2017ko datua, aldiz, 329,1 eurokoa da. Hau da, %69,5eko gorakada gertatu da eta, sindikatuak ohartarazi duenez, «beharrizan handiena duten familien eta pertsonen egoera erabat kaltetu du».

«Etengabeko» igoera horien emaitza gisa, 2016ko EAEko pobrezia eta desberdintasun sozialen inkestak adierazi zuen 113.629 pertsonak ezin izan zutela independizatu horretarako baliabide ekonomikorik ez zutelako. ELAk adierazi du zenbatekoa %13 igo dela azken lau urteetan, «demografikoki gazte kopurua murriztu den arren».

Etxebizitza hutsak

Hego Euskal Herriko etxebizitzen %11,7 inguru daude alokairu egoeran, Azterketa Bulegoak aztertutako datuen arabera. Europar Batasuneko batez bestekotik urrun dago ehuneko hori da (%30,7) eta are urrunago Alemaniako errealitatetik (%48,3).

Adierazitako datuokin, ELArentzat ulergaitza da etxebizitza hutsekin gertatzen dena. Izan ere, eraikitako etxebizitzen %8,3 hutsik zeuden EAEn 2015. urtean, 86.325 etxebizitza orotara. Horietatik 58.697 (%68) beti hutsik dauden etxeak ziren eta gainontzekoak, tarteka denboraldi batez erabiltzen direnak.

Herrialdeka, Araba zen etxebizitza hutsen tasa handiena zuena, %11ko portzentajearekin. Gipuzkoan etxebizitzen %8,9 zeuden hutsik eta Bizkaian, %7,1.

«Aipatutako guztiagatik, Euskal Instituzioek erantzukizun zuzena dute, errealitate honi heldu beharrean, urriak ziren laguntza eta prestazio programetan egin dute indarra politika publikoen alorrean», kexatu zen sindikatua.

Honen ustetan, ez dute bermatzen etxebizitza izateko eskubidea, eta pertsona guztiei alokairu sozialeko etxebizitzarako sarbidea bermatzea instituzioen betekizuna izan beharko lukeela gogorarazi zuen, hala planteatzen baitu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren Herri Ekimen Legegileak.