Jon Ormazabal
BILBO

Botilerorik gabe eta txapeldunaren zalantzarekin hasiko da Lau eta Erdikoa Altsasun

Joseba Ezkurdia eta Asier Agirrek jokatuko duten partidak emango dio hasiera ostiral honetan aurtengo Lau eta Erdikoari. Ekin zalantza handi batekin ekingo dio txapelketak, izan ere, gaur gaurkoz, Jokin Altuna txapeldunak ez baitaki urriaren 12rako lesiotik osatuta izango den. Mina gutxitu zaio, baina aste honetan ezin izango omen du entrenatu eta, iristekotan, oso justu iritsiko litzateke Aimar Olaizolaren aurkako lehen partidara.

Lau eta Erdiko Txapelketaren aurkezpena Bilbon egin dute. (@ASPEpelota)
Lau eta Erdiko Txapelketaren aurkezpena Bilbon egin dute. (@ASPEpelota)

Txapelketaren aurkezpenak beste berri nabarmen bat utzi du, izan ere, kaiola honetan pilotariek ez dute botileroaren laguntzarik izanen, ez bederen bere enpresako beste pilotari baten aurka ari direnean. Neurria ez da txapelketa honetarako izango soilik eta Binakakoan ez da botilerorik izanen inongo partidetan.

Erabakia arrazoitzerakoan, Iñaxio Errandoneak azaldu duenez, «lehen esperientzia San Ferminetako Lau eta Erdikoan izan genuen eta ona izan zen. Aurrerapausu bat da eta pilotariak jakin behar du bakarrik defendatzen». Gainera, Aspeko ordezkariaren iritziz, «ongi etorriko da. Gainera askotan botileroak ez du lan gehiegirik egiten eta itxura kaxkarra ematen dute».

Pilotariek ez dute gaur arte erabakiaren berri izan eta batzuek ez dute batere begi onez ikusi erabakia. 

Finala, Navarra Arenan

Zozketarik dagokionez, lehen kanporaketak honela geratu dira:

Ezkurdia/Agirre eta Victor/Retegi Bi A taldean izango dira eta garaileak Altuna eta Olaizola II.aren multzoan arituko dira final laurdenetako ligaxkan

Urrutikoetxea eta Bengoetxea dauden B Multzora berriz, Elezkano II.a/Irribarria eta Arteaga/Jaka kanporaketetako irabazleak sailkatuko dira.

Finalerdiak Bizkaia eta Labrit pilotalekuetan jokatuko dira eta finala azaroaren 18an iragarrita dago Iruñako Navarra Arena pilotaleku berrian.