NAIZ
IRUN

«Berme guztiak» eta nazioarteko begiraleak, igandeko galdeketetan

Donostia, Irun, Zalla, Balmaseda eta Alonsotegiko ordezkariek igande honetarako antolatutako herri galdeketetan parte hartzeko deialdi bateratua egin dute. Galdeketa eguneko azken xehetasunen berri ematearekin batera jakinarazi dute «goi mailako» begiraleak izango direla kontsultak bermatzen.

Donostia, Irun, Zalla, Balmaseda eta Alonsotegiko ordezkariak, agerraldian. (NAIZ.EUS)
Donostia, Irun, Zalla, Balmaseda eta Alonsotegiko ordezkariak, agerraldian. (NAIZ.EUS)

Igande honetan, azaroaren 18an, herri galdeketak egingo dituzte Donostia, Irun, Zalla, Balmaseda eta Alonsotegin. «Orain bost urte, Gure Esku Dago sortu zenean, ezinezkotzat genuena posible egin dugu», nabarmendu dute aipatu herrietako ordezkariek Irunen egin duten agerraldi bateratuan.

«Perspektiba zabalarekin» eta «aurrera begirako ikuspegiarekin» kokatzen dituzte beren galdeketan Euskal Herriko mapan. «Eta ziur gaude urrats esanguratsua izango dela igandekoa», azpimarratu dute.

Orotara, 2.000 lagun ariko dira lanean bost herri galdeketak posible egiteko: «Horrenbeste herritarren artean, galdeketa bat era autonomo eta autofinantzatuan antolatzea garaipen handia da».

Galdeketek, gainera, «berme guztiak» izango dituzte. Batetik, sistema informatiko baten bidez saihestu ahal izango dituzte bozka errepikatuak. Eta, bestetik, Berme Batzorde bat osatu da, abokatu, legelari eta politologo talde batekin, «protokoloa zorroztasunez errespetatzen dela eta galdeketak berme guztiekin egiten direla ziurtatzeko».

Era berean, «goi mailako» nazioarteko begiraleak izango dira galdeketa egunean. Bertan izango dira, besteak beste, Elisenda Paluzie ANCko presidentea, Marcel Mauri Omnium Culturaleko presidenteordea, Gabriel Rufian eta Joan Tarda ERCren diputatuak, Aurora Madaula JuntsXCat-eko legebiltzarkidea, Ainara Delgado CUPeko idazkaritza nazionaleko kidea eta Jaume Lopez Pompeu Fabra Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakaslea.

Shona McAlpine Independence Convention-eko idazkaria izango da Eskoziatik etorria, eta Julieta Gaztañaga antropologo, ikertzaile eta irakasle argentinarrak osatuko du begirale taldea.

Martxan da dagoeneko galdeketan parte hartzeko bozka aurreratua, «egun handia» datorren igandea izango den arren: «Deialdi ireki eta zabala egin nahi diegu gure herrikide guztiei hitza hartu eta ariketa demokratiko honetan parte hartu dezaten».