NAIZ
BILBO

Soldata arrakalari aurre egiteko Lakuako Gobernuaren plana «hutsala» dela uste du ELAk

Lakuako Gobernuak soldata arrakalari aurre egiteko 283 milioi euro bideratuko dituela «lau haizetara zabaldu» badu ere, ELAk azpimarratu du plan estrategiko hori «urria» dela eta «errora jotzen» ez duen neurrian, «nekez lortuko du» diskriminazio hori ezabatzeko helburua. 

Txakartegi eta Muñoa, Bilbon eginiko agerraldian. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Txakartegi eta Muñoa, Bilbon eginiko agerraldian. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Bilbon egin duten agerraldi batean, soldata arrakalari aurre egiteko Lakuak aurkeztutako planarekin oso kritiko agertu da ELA sindikatua. Hala esan dute Amaia Muñoak eta Leire Txakartegik, idazkari nagusiaren ondokoak eta berdintasun alorreko arduradunak. 

Azaldu dutenez, planak «hasieratik gabezia handia» dauka: «ez dio soldata arrakalaren benetako arazoari heltzen», Lakuak bi faktore baino ez dituelako aipatzen haren oinarria aztertzeko orduan. «Alde batetik, sexuaren araberako lanaren banaketa; bestetik, zaintza lanak eta enplegua uztartzeko zailtasunak». 

ELAren ustez, bi faktore horiek garrantzitsuak dira, baina ohartarazi du badeal «derrigorrez» aipatu beharreko hirugarren bat: «emakumeen prekarietatea eta euren enpleguaren kalitate eskasa». «Ezinezkoa da soldata arrakalaren funtsa ondo ulertzea eta ezabatzea horren atzean dagoen prekarietatea aztertu gabe», azaldu dute Muñoak eta Txakartegik. 

Era berean, Lakuaren txostenetik kanpo gelditzen diren beste bi faktore aipatu dituzte: zerbitzu publikoen pribatizazioa eta negoziazio kolektiboaren estatalizazioa. 

Azpikontratei edo gastu sozialean eginiko murrizketei aipamenik egin ez izana ere nabarmendu du sindikatuak. 

Datozen bi urteotan planera bideratuko «omen diren» 283 milioi horien inguruan, esan dute irudi «faltsua dela», egitasmoak jasotzen dituen «neurri gehienak onartuta» daudelako jada. Zehazki, kontratazioan egiten den iruzurrari aurre egitera 60.000 euro bideratzea «hutsaren hurrengoa» da. «Era berean, 150.000 euro kostatuko den ‘txoke-plana’ ere ez da sinesgarria. Kopuru horiekin ezinezkoa da iruzurraren aurka egiteko giza baliabideak gehitzea», nabarmendu dute. 

Azkenik, ELAk kritikatu plan horren jarraipena egiteko Lakuak elkarrizketa sozialaren mahaia proposatu izana, «espazio horrek ez dituelako gutxieneko demokratikoak betetzen» eta patronalari arrakalaren aurkako neurriak «baldintzatzeko ahalmena» aitortuko zaiolako.