Andoni ARABAOLAZA
Entrevue
ALEX TXIKON
ALPINISTA

Txikon: «Kota garaiagoa lor nezakeen, baina segurtasuna giltza zen»

Lemoarrak itxi du dagoeneko K2 edo Chogori mendian neguan egindako bere lehen kapitulua. Makineria guztia gelditu du, eta munduko bigarren mendirik garaienean jarrita zeukan xedearen inguruan behin betiko balantzea atzo egin zuen. Soilik 7.150 metroko kota lortu du, baina mendiaren aldatsetan muturreko eguraldiarekin izan duen eskarmentua ontzat eman du.

K2 mendiak (8.611 m), momentuz, neguan igo gabe jarraituko du. Amaitu berri den denboraldi honetan bi espedizio izan dira; horietako bat Alex Txikonek zuzendutakoa. Haren inguruko hausnarketa GARAri eskaini dio.

Espedizioaren aurreko hilabeteek folletoi baten antza izan zuten. Hasieran, Everestera joan behar zenuen, eta bitartean, udan, K2 neguan igotzeko baimena eskatu zenuen. Ondoren, Everestera espedizio komertzial bat zihoala iragarri zenez, xede hori bertan behera utzi eta azkenean K2 mendian jardun duzu. Hori guztia aipatuta, ematen du K2ra ez zinela oso zentratuta joan. Hots, Everesten zama edo itzala gainean zenuela.

Everestera joateko baimena eskatu nuen. Bi, hain zuzen ere: ipar eta hegoko ohiko bideetatik joateko. Azken saioa egin nahi nuen. Nagikeria alde batera utzi, eta baikor ginen batez ere iparraldetik ekiteko. Baina espedizio komertzialaren iragarpena kolpe handia izan zen. Ez nuen B planik. Eta K2rako oso motibatua nengoen. Baikor joan nintzen; izan ere, sasoiko nengoen. Urrirako jada Pakistanera materiala bidali nuen. Beraz, berriro diot, K2rekin oso motibatua nengoen.

Beraz, esan daiteke Everestekin arantza bat kendu ezinik zabiltzala. Eta hori diot izaera horretako espedizio bat antolatzea eta mendi hartan saiatzea gogorra baino gogorragoa delako.

Hala da. Gainera, ikusita K2n ekialdeko espedizioak izan duen jarrera, bada askoz ere gehiago. Oso jarrera itsusia izan dute. Beraz, honako galdera hau egiten diot neure buruari: “merezi al du datorren urtean berriro K2ra joateak?” Batez ere kontuan hartuta poloniarrak itzuliko direla. Eta, bestalde, jakinda ehunka helburu arras interesgarri daudela. Hain zuzen ere, neguko espedizio horietatik at.

Horrez guztiaz gain, honelako espedizioek asko nekatzen dute. Nik neuk prestatu eta antolatzen dut den-dena. Eta bide batez, taldeari tira egiten diot. Aurrerantzean egin behar dudana oso ondo pentsatu behar dut. Hiru hilabete etxetik kanpo eta egoera horretan egotea merezi ote du? Gainera, helburu hauek diru asko behar dute.

Alpinistikoki K2 edo Everest mendiak nire estiloan egin nahi ditut, eta, bide batez, zalantzan jarri orain arte egiten dena. Zergatik ez beste alpinismo mota bat hainbeste sufrimendu izan gabe? Horri erantzun behar diot.

Alabaina, K2tik ondorio positiboak ekarri ditut. Ekialdeko espedizioa zegoen, baina bakardadea ere bai. Hausnarketa sakona egin behar da. Horrelako setioa egin behar dugu K2 neguan lehenak igotzen izateko? Haiek soilik 600-800 metro soka finko jarri dituzte. Eta han zegoen makina bat soka finko txar erabili dituzte. Abertzaletasun kutsu itsusia izan duen espedizioa izan da; Vassili Pivtsovekin desengainua hartu dut. Mendian egon garen bitartean, alde itsusia izan da.

K2ren kanpaleku nagusira heldu arte, ez zeneukan oso argi zer bidetatik saiatuko zineten. Ekialdeko aurpegira hurbildu, hura aztertu eta asmo hori baztertu zenuten.

Pena handia hartu nuen. Ekialdekoekin ohiko bidea partekatu ordez, askoz ere hobeto zen ekialdeko aurpegitik saiatzea. Baina ezinezkoa da. Haizete handia dago, hara iristeko itzuli handia behar duzu egin, glaziarra oso egoera txarrean dago... Adibidez, aurpegi horretara heltzeko 40 laguneko taldea beharko zenuke tresneria guztia eramateko. Eta ibarretan dauden haize korronteek ondo astintzen zaituzte.

Emaitza objektiboei dagokienez, zure taldeak 7.150 metroko kota lortu du soilik. 1987. urtean jardun zutenak zuek baino gehiago igo ziren (7.300 m) eta kota garaiena 2003. urtean lortu zen: 7.650 m. Beraz, orain arte sei saiakeren artean, zureak kota txikiena lortu du. Alabaina, esan duzu pozik zaudela lortutako emaitzarekin.

Ez naiz hasiko besteekin alderatzen. Ziur nago metro gehiago igotzeko gai izango nintzela. Baina argi neukan nire taldekide nepaldarren bizitzak errespetatu behar nituela. Ezin nien utzi soka finko txarretatik igotzen; eta ekialdeko espediziokoek horrela jardun dute.

Laugarren kanpalekura heltzeko arazo handirik ez nuen; aurretik lau orduko ibilaldia nuen. Baina hori egin behar nuen hoberenak izateko? Kota garaiena egin genuela esateko? Buruan makina bat estatistika ditut, eta uste dut K2 igotzeko gutxienez hiru saio beharko ditudala. Lehenik eta behin, marra on eta egoki bat ekipatu behar da. Hori eginda, bigarren kanpalekutik lehenera 50 minutuan heltzen zara. Ez dut neure burua zurituko edo engainatuko. Ekialdeko espedizioa gu baino gorago igo da. Baina gure helburua soka finkoak jartzea izan da. Argi eta garbi daukat estilo alpinoan igotzea ezinezkoa dela. Eta horretan uste dut denok bat egiten dugula. Berriro diot, garrantzi handia baitu: bide horretan dauden soka finkoak oso egoera txarrean daude. Guk 3.000 metro jarri ditugu; beste espedizioak, aldiz, 600-800. 3 kilometro soka finko izan dira, eta hiru egun behar izan ditugu jartzeko. Kontuan hartu behar da ere bobina bakoitzak 8,5 kilo pisatzen duela. Marra hori patxadaz ekipatu behar da; hots, denborarekin egin behar da lan hori. Jakin badakit, saio guztietatik azkenak garela. Baina erakutsi dugu mendian azkar ibiltzen garela; gai garela 7.000 metrora 3 egunetan igotzeko.

Mendian lanean ari zineten bitartean, Tom Ballard eta Daniele Nardiren erreskateari heldu zenioten. Erreskate horrek gorago igotzea galarazi dizue?

Inolako zalantzarik gabe, bai. Talde txandaketetan denbora galdu genuen. Eta egoera hori giltza izan da; izan ere, txandakatze onena galdu genuen. Nik uste dut hirugarren kanpalekutik gora egiteko sasoia genuela. Baina ez dugu damurik erreskatera joan ginelako. Finean, martxoaren 11ra arte ondo gindoazen, baina gero hamar egun galdu genituen. Bagenekien hori gertatuko zela, baina erabaki zuzenena hartu genuen. Zendutakoen senitartekoek asko eskertu digute. Gorpuak aurkitu, geure buruak elurroldeekin asko arriskatu... Droneekin lan handia egin genuen. Ingurumari guztia ondo arakatu genuen, eta gorpu horiek ez genituen txiripaz aurkitu.

Azken espedizio honetan estrategia asko landu duzu, eta, besteak beste, kanpaleku nagusian altxatutako igluekin denak zur eta lur utzi dituzu.

Primerako eskarmentua izan da; ondorio oso positiboak atera ditugu. Hurrengo helburua bigarren eta hirugarren kanpalekuetan altxatzea izango litzateke. Hori tontorra egiteko giltza izan daiteke. Atsedena askoz ere egokiagoa zein eraginkorragoa da. Oinarrizko kanpalekuan, adibidez, 41 eta 46 arteko taupadekin egin dut lo. Eta odolean duzun oxigeno saturazioa %86koa zen.

Horrekin guztiarekin esan nahi dut, trebetasun teknikoaz gain, izaera honetako espedizio batean asko pentsatzea eta aztertzea garrantzitsua dela oso. Probatu, azterketak egin... Eguraldi iragarpenak jasotzeko instalazioak ere hobetu beharko lirateke. Eta horregatik uste dut instalazio horiek lehen, bigarren eta hirugarren kanpalekuetan jarri behar direla.

Beste kontu bat da sasoiko zauden ala ez, mendian zer erritmo daramazun... Ekialdekoek oinarrizko kanpalekutik lehenera 15 ordu egiten zituzten. Guk, ordea, bost ordu eta erdi.

Azken gai hori aipatu duzunez, iruditzen zait K2 neguan igotzeko azkartasuna giltza dela. Baina horretarako, adibidez, Ueli Steck bezalako alpinista behar duzu izan.

Ez naiz Ueli, baina harengandik asko ikasi dut. Mendian denbora ateratzen zidan, baina ez hainbeste. Asko aholkatu zidan. Adibidez, esaten zidan asko edateko; azkar joateko giltza delako. Eta bide batez arriskuak saihesten dituzulako.

Horretaz gain, uste dut tontorra egiteko aukera bakarra dela behe kanpalekutik edo aurreratutik atera hirugarren kanpalekuraino eta 7.400 metrotik gailurrera iristea eta bertara berriro jaistea. Edota, Reinhold Messenerrek esan zigun bezala, bigarren kanpalekutik gailur saioa egitea.

Arestian esan duzu K2 igotzeko gutxienez hiru saio behar direla. Horrek esan nahi du datorren neguan itzuliko zarela?

Lehenik eta behin, neure burua argitu behar dut. Itzuli nahi dut, baina ez dut lehena izatearen kontu hori sustatu nahi. Talde sendo eta polita osatu nahiko nuke. Horrekin ez dut esaten aurtengoa gogorra ez denik izan. Nepaldarrek oso lan ederra egin dute!

Baina esan bezala, gai hau lasaitasunez hartu nahi dut. Agian, izaera honetako espedizioek ez didate konpentsatzen. Burua nekatuta daukat; ufa, bulego askotatik pasa behar izan dut! Urtean 75 hitzaldi baino gehiago ematen ditut. Diru asko lortu behar da hiru hilabeteko espedizio bat egiteko. Lortu bai, baina segituan xahutzen da.