NAIZ

Estatus berriari buruzko Legebiltzarraren agindua beteko duela dio Otegik

EH Bilduren ardura Gasteizko Legebiltzarrak emandako mandatua errespetatzea dela adierazi du Arnaldo Otegik bere blogean: «Bete dugu eta beteko dugu». Ziurtatu duenez, ez diete herritarrei arazoei aurre egiteko behar den estatusaren inguruko eztabaida lapurtuko.

Arnaldo Otegi, joan den asteleheneko agerraldian. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Arnaldo Otegi, joan den asteleheneko agerraldian. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Arnaldo Otegik erronka handiak ikusten ditu aitzinean: «Klima aldaketa, berdintasun politikak, trantsizio energetikoa, arazo demografikoa, pentsioak, industria politika, globalizatua dagoen munduan gizarte euskalduna egonkortzea…». Eta horiei guztiei aurre egin ahal izateko, beharrezko jotzen du estatus politiko berri bat.

Horregatik, EH Bilduk «zintzotasun eta erantzukizun osoz» jokatuko duela agindu du. Gasteizko Legebiltzarrean eta Autogobernu Batzordean adostutakoari «leialak» izanen dira.

Koalizio subiranistaren koordinatzaile nagusiak salatu duenez, Andoni Ortuzar EBBko presidenteak eta EAJko gainontzeko burkideek «harrokeriaz eta mespretxuz» hartzen dute Legebiltzarreko Autogobernu Ponentzian egiten ari diren lana. «Harrituta eta haserre ari gara ikusten zein estrategia hartzen ari den EAJ azken hilabeteetan, gure aurka etengabe gezurrak eta irainak erabilita. Inozoak gu, hauteskunde kanpainako estrategia baino ez zela uste genuelako».

«Nola ulertu behar dugu, bestela, Ortuzar jaunak esandakoa, EH Bilduren proposamena 'paper bat' baino ez zela adierazi zuenean? Estilo baten baitan dago hori guztia? Edo EAJk eta EH Bilduk adostutako oinarriak eta printzipioak ez errespetatzeko estrategia berrian kokatu beharra daukagu? Denborak emango die erantzuna galdera hauei guztiei», erantsi du bere testuan Otegik.

Joko arauak errespetatzeaz

Ortuzarrek EH Bilduk joko arauak bete behar dituela erran zuen, eta Legebiltzarrak emandako mandatua bete dutela erantzun dio Otegik. «Ekarpen gisara, artikulua prestatu du adostutako oinarri eta printzipioekin. Ezarritako denborak eta edukiak errespetatuta egin du, eta adituen batzordeko gainontzeko kideen esku utziko du (...). Orain, norbaitek sinetsarazi nahi digu, hedabide jakin batzuen laguntzarekin, Legebiltzarrak emandako mandatua bete duenak lantalde horren lana oztopatu nahi duela». Sinestezina eta zinikoa iruditzen zaio Otegiri.

EBBko presidentearen bigarren argudioari helduta, alegia, EH Bilduk «akordioei beldurra» diela, koalizioko koordinatzaile orokorrari ez zaio «zentzuzkoa» iruditzen. «Estatus politiko berriaren oinarrien eta printzipioen alorrean, akordioa lotua daukagu EAJrekin (eta eskubideen alorrean Podemosekin). Izan dezatela argi gauza bat: guk ez dugu akordio hori hautsiko; EH Bilduk 'historikoa' dela uste duen akordioari leialik izango gara azken unera arte».

«Hitz egin dezagun argi», erantsi du. «Ez dugu pentsatu nahi norbaitek denbora aurrera joatea nahi duela, iazko ekainean egindako akordioa ez idazteko eta ez gauzatzeko. Hemen bestelakoa izan daiteke arazoa, gerta daitekeelako Ajuria Eneako eta Sabin Etxeako sektore kualifikatu batzuei adostutako oinarriak eta printzipioak gehiegi ez gustatzea».