‘Jakin’ aldizkariak 232. alea atera du. Bertan, Alaitz Aizpuru pentsalariak Txillardegiri buruz idatzitako erreportajea da nagusi. Era berean, Andere Ormazabal irakasleak Gipuzkoako herri mugimenduen eta ezkerreko gobernuen gaineko gogoeta egin du.
‘Txillardegi, postmodernitatea eta postkolonialismoa’ artikuluan, Aizpuruk Txillardegiren eta bere 56ko belaunaldiaren pentsamendua ulertzeko bidezidorrak zabaldu ditu. 50eko hamarkadan hasi zen pentsamenduaren aldaketa gauzatzen: «Aurrekoarekin hautsi eta euskal mundura aldaketa sakon eta esanguratsuak ekarriko dituen denbora berri batean esnatzea», argitu du egileak artikuluan.
Bestalde, Ormazabalen artikulua ‘Herri mugimenduen eta ezkerreko gobernuen ezinak eta eginak. Gipuzkoako esperientzia (2011-2015)’ da. Bertan, berdintasun eta ingurumen politiketan sortutako sare, gune eta hartu-emanei erreparatu die, bereziki.
Musika aztergai
Artikulu horietaz gain, Lorea Argarate musikari eta ingeniariak eta Eric Ditxarri artista eta antropologoak musikaren gaiari buruzko hausnarketak aurkeztu dituzte. Batak teknologiak musikan nola eragin duen aztertu du bere artikuluan. Besteak, berriz, euskal raparen inguruko hausnarketa egin du.