
Euskal Aktoreen Batasunak komunikatu bat igorri du bere arloan osasun krisialdian zehar eman diren hainbat egora «larri» salatzeko asmoz. Uste dute ez direla behar besteko neurriak hartu euren sektorean Covid-19 birusaren zabalkundea ekiditeko.
Hasteko, ETB, Mediapro eta K2000ren ‘Alardea’ ekoizpenaren lantaldean hiru pertsona kutsatuta zeudela jakin zuten larunbatean. Ordurako Iñigo Urkullu lehendakariak zein Pedro Sanchez Espainiako presidenteak egoeraren larritasuna agertuz agerraldiak egin zituzten. Hala ere, EABk salatzen du ekoizpeneko arduradunek ez zietela aktoreei zein lantaldeko gainontzeko kideei euren lankideen osasun egoeraren berri eman igandeko 21.30ak arte. Orduan ekoizpena bertan behera utzi bazuten ere, egun badakite lantaldeko 10 pertsona daudela gaixo. «Gertaera honen berri ez da oraindik ekoizpenaren arduradunen aldetik eman, kutsatuta egon zitezkeenak beharrezko neurriak hartu ditzaten», adierazi dute.
Aktoreek uste dute ETB, Mediapro eta K2000ren «arduragabekeria» bat izan dela jarrera hori, eta «enpatia eza» salatu dute «erabaki honek edo erabaki ezak arrisku egoeran ipini duelako lantaldeko osasuna eta bizia».
Era berean, salatu nahi dute ETBk egindako presioa «informatiboak ez diren saio batzuen ekoizpena ez eteteko, beste behin ere langileen osasuna eta bizia arriskuan ipiniz».
Amaitzeko, aipatu dute ez zaiela ondo iruditzen ETBk sortzaile eta artistei egin dien deialdia emititzeko doako edukiak sortu ditzaten, «gainontzeko langileak bezala, artistek ere euren lanaren truke soldata bat jasotzeko eskubidea dutelako». «Gizartean bizi den larrialdi eta isolamendu egoera hau probestea musutruk lan egin dezagun ez zaigu inolaz ere onargarria iruditzen, batez ere, azken hamarkadan arloak bizi izan duen lan egoeraren aurrean haien ardura hutsaren hurrena izan denean», azpimarratu du elkarteak.

La Audiencia Nacional ordena el ingreso en prisión de Arantza Zulueta y Jon Enparantza

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Dos años de prisión para el jefe de operaciones de la Ertzaintza en Durango por corrupción

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

