NAIZ

81 lagun hil dira koronabirusarekin Euskal Herrian; guztira 2.067 positibo daude

Azken datuen arabera, 81 euskal herritar zendu dira koronabirusarekin eta orotara 2.067 positibo atzeman dituzte. Araban egon dira hildako gehien (48), Bizkaian 17 izan dira, Nafarroan bederatzi, Gipuzkoan sei eta Zuberoan bakarra.

Osakidetzako langileek zapi beltzak atera dituzte ospitaleetan, hildako erizainaren omenez. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Osakidetzako langileek zapi beltzak atera dituzte ospitaleetan, hildako erizainaren omenez. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

81 pertsona hil dira Euskal Herrian koronabirusarekin, gehienak Araban (48). Bizkaian 17 hildako izan dira, Nafarroan zortzi, Gipuzkoan sei eta Zuberoan bat. Azkeneko hirurak Nafar Gobernuak jakinarazi ditu ostiral honetan: 88 urteko gizon bat eta bi emakume, 80 eta 73 urtekoak.

Guztira 2.067 positibo daude, Osakidetzak, Osasunbideak eta Pirinio Atlantikoetako Prefekturak emandako datuen arabera.

Mikel Sanchez Lakuako Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak jakinarazi duenez, 71 pertsona hil dira dagoeneko EAEn koronabirusarekin. Ostegunean 18 heriotza gehiago izan ziren, hain zuzen ere, pandemiaren hasieratik kopururik handiena.

Datu baikorra da positibo eman zuten 21 lagun jada sendatuak daudela.

275 pertsona gehiago kutsatu dira. Beraz, orotara 1.465 dira koronabirusa hartu dutenak EAEn. Horietatik 550 erietxean daude. Araban 703 positibo daude, horietatik 224 ospitalean. Bizkaian, 539, horietatik 247 erietxean, eta Gipuzkoan 223, 79 ospitalean.

Sanchezek erran du oraindik «asko falta» dela egoera larritik ateratzeko eta euren aldetik ahalik eta hobekien erantzuten saiatzen ari direla. Bide horretan 5.300 test egin dituztela azpimarratu du. Eta herritarrei «arduratsu» jokatzeko eskatu die berriro, ezinbestekoa delako borroka hau irabazteko.

Ipar Euskal Herrian lehendabiziko pertsona hil da koronabirusarekin, Atharratzeko 66 urteko herritar bat. Guztira bederatzi positibo atzeman dituzte, zortzi Lapurdin eta bat Zuberoan (Atharratzeko hildakoa).

Nafarroan, 593 positibo eta zortzi hildako

Nafarroan 593 positibo daude, horietatik 195 ospitalean (21 zainketa berezietan). Lau pertsona hil dira azken orduotan.

Positiboen artean osasun zerbitzuetako 72 langile daude, Santos Indurain Osasun sailburuak agertu duenez. Erantsi duenez, kasuen larritasuna areagotu egin da, adinekoak direlako bereziki kutsatzen ari direnak.

Profil horri zuzenduta, Eskubide Sozialen Sailak zahar etxeetan eta dibertsitate funtzionala duten lagunen zentroetan hartzeko neurriak zehaztu ditu. Koronabirusaren aurrean jarduteko protokoloak eguneratzen doaz eta sailean laguntza talde bat sortu da zentroek beren funtzionamenduan dituzten beharrei erantzuteko.

Gainera, mendekotasuna duten pertsonak zaintzen esperientzia duten pertsonak kontratatzea aztertzen ari dira, dagokien titulua izan ez arren. Neurri hori garrantzitsua izanen da zahar etxeetan 64 langile koronabirusarekin bajan daudela kontuan hartuta.

Bere aldetik, Javier Remirez lehendakariordea esparru ekonomikoan zentratu da eta Nafarroan mila ERTEtik gora aurkeztu direla erran du. Egoera hori Chivite lehendakariak hainbat sailbururekin eta eragile ekonomiko eta sozialekin izanen duen bileran aztertuko dute.