
Musikaz gozatzeko aukera eskaintzen jarraitu nahi du Donostiako Doka Kafe Antzokiak eta bide horretan Hamakai Telebista izango du bidelagun, izan ere, bien indarrak batuta, ostiral honetan bertan abiatuko dute emanaldi eta kontzertuak «online» ikusteko ekimena. 40 minutuko iraupenarekin, Iker Lauroba eta Leire Letu izango dira oholtzara «igoko» diren lehen musikariak. Publiko zabalak etxeetatik zuzenean jarraitu ahal izango du, 20.05etatik aurrera.
Nola izango den posible? Hiru dira bideak. Lehena, Dokak berak Youtube plataforman duen kanalaren bidez, hortxe klik egitea baino ez da behar. Hamaika TB-k emango duen zuzeneko seinalearen bidez edo telebista kateak dituen Instagram zein Facebook Live sare sozialen bidez dira beste aukerak.
«Mundua eten da. Eta harekin, gu ere bai, duela kasik hamabost urte Donostiako giro kulturala hankaz gora jartzeko bokazioz sortu ginen Dokako lagunok. Donostiako kafe antzokia», adierazi dute gaurko emanaldien berri emateko. «Pentsatze hutsak hotzikara ematen du: ehunka emanaldi. Bikainak asko, ez hain bikainak beste asko: denak kariñoz eskainiak, denak zerbait ekartzeko bokazio itsuz».
Itxialdi une hauetan hausnarketa plazaratu nahi izan dute Doka-ko kideek. «Zu, izan al zara inoiz geure aretoan? Zenbatetan sentitu zenuen bizitzak merezi zuela? Merezi izan zuen, ez duzu uste? Orduan ez genekien, behar bada, bizitza zein ederra den, noraino merezi duen bizitzeak: bi-zi-tze-ak. Lau hormen artean egonaldi luzea pasatu besterik ez da behar, bizitzak zer balio duen bere zentzu sakonean ulertzeko».
«Geneuzkan dudak ez zirela hainbesterainoakoak, lehenago hartu behar izan genuela erabaki hura, lehenago esan behar geniola lagun hari sentitzen genuela, eta beste hari maite genuela, harekin pasa nahi genituela hurrengo lau edo bost eternitateak».
Honengatik guztiagatik, diote, erabaki dute «zuentzako denentzako» kontzertuak egiten hasi behar zutela berriz. «Birusa oxigeno partikulen artean nahasi bazen, geuk ere halaxe egingo dugula, musika partikula txikiak airera jaurtiz. Itxi begiak eta entzun ondo: ez al zarete dagoeneko hasi zerbait entzuten?».

La Ertzaintza deja impune la desaparición del test de drogas del hijo de un jefe policial

Mueren tres esquiadores, uno vasco, por un alud junto a los ibones de Brazato (Panticosa)

El actor Sambou Diaby, expulsado de un bar de Bilbo acusado de mantero: «Aquí no puedes vender»

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia
