NAIZ
GETXO

Getxoko 38. Arte Eszenikoen Jardunaldiak abiatu dira dantza, zirku eta antzerki ikuskizunekin

Ostiral honetan hasiko dira Getxoko Arte Eszenikoen Jardunaldiak eta, orain arte ez bezala, antzerkiaz gain beste arte eszena diziplinak eskainiko ditu. Programazioa datorren urriaren 25era arte luzatuko da, ordainpeko zein doako ikuskizunekin. Larunbatean, haurrak izango dira protagonista.

‘De Gernika a Nueva York, pasando por Berlín’ Getxon izango da Donostia eta Bilbotik pasa ostean. (Mikel BLASCO)
‘De Gernika a Nueva York, pasando por Berlín’ Getxon izango da Donostia eta Bilbotik pasa ostean. (Mikel BLASCO)

Getxoko 38. Arte Eszeniko Jardunaldiak hasiko dira ostiral honetan eta aldaketa batekin datoz, izan ere, orain arte antzerki jardunaldi izan direnek arte eszenen beste modalitate batzuk barne hartuko dituzte aurten, dantza, zirku-antzerkia eta diziplina anitzeko ikuskizunak tartean.

Urriaren 9 honetatik datorren 25era arte 15 ikuskizun izango dira orotara Bizkaiko udalerriko Muxikebarri aretoan «euskal ekoizpenen aldeko apustuarekin, programazio anitzarekin, adin guztietarako eskaintzarekin eta ordainpeko zein doako ikuskizunekin», adierazi du Getxoko Kultur Etxeak.

Egitaraua datozen hiru asteburuetan izango da, eta Denis Santacana dantza taldeak hasiko du ‘Sharing Home’ proiektuarekin, 20.00etan. Familiak eta haurrak izango dira protagonista larunbatean, 13.00etan, Circo Choscoren ‘Indartsuak’ zirku-antzerkiko ikuskizunarekin; arratsaldean, 18.00etan, Anita Maravillas konpainiak ‘Cottondarrak’ txotxongilo lana eskainiko du.

Igandean, Mugmus Laborategiak ‘Esku harriak: Oteizaren (H)aria’ obra lana antzeztuko du (13.00) eta arratsaldez (19.00) Markeliñe antzerki taldeak ‘Julietas, Romero Circo’ antzezlana aurkeztuko du.

Asteburu luzearen eskaintza osatzeko, astelehena lan eguna ez denez, Kiki, Koko eta Moko pailazo hirukotearen ‘Natura gara’ ikuskizuna izango da (13.00etan), eta bukatzeko Baleuko Producciones-en ‘De Gernika a Nueva York, pasando por Berlín’ antzezlana taularatuko da, 20.30etan. Antzezlanak Jose Antonio Agirre lehen lehendakariaren bidaia kontatzen du, Euskal Herritik ihesi, Ameriketaraino egin zuen.

Ikuskizunetarako sarrerak salgai daude Kutxabanken sarean, Muxikebarrin eta Romo Kultur Etxean. Doako ikuskizunetarako gonbidapenak Muxikebarrin eta Romon bakarrik jaso daitezke, eta ‘Indartsuak’ eta ‘Natura gara’ lanen gonbidapenak dagoeneko agortu dira.

Programazio osoaren inguruan xehetasunak eskuragarri daude Getxoko Udalaren atarian.