Oihane LARRETXEA
BILBO

Aberritik askatasunerantz, Agirreren bidaia epikoa

Jose Antonio Agirre lehendakariak Euskal Herritik ihes egin eta Ameriketarako bidean Europa okupatua zeharkatu zuen. Trikimailuz eta arriskuz betetako bidaia hura eguneroko batean jaso zuen, 507 gau 507 orritan. «De Gernika a Nueva York pasando por Berlín» lan intimoa taularatu egingo da eta Arriaga Antzokiko denboraldia irekiko du bihar.

Askatasuna ez galtzeko aberria uztea beste aukerarik ez zuen izan Jose Antonio Agirre (Bilbo, 1904- Paris, 1960) lehendakariak, Eusko Jaurlaritzaren lehenengo lehendakariak. Zenbat dakigu haren bizitzaz? Epikotik baduten bizipenak eguneroko intimo baten jaso zituen, leial-leial paper zuriari hutsik egin gabe. Aberri kutunetik ihesi, Gernikatik Amerikaraino egin zuen ihesaldi luzean, garaiko Europa okupatuan, idazketan bilatu zuen babesa eta konpainia. “De Gernika a Nueva York, pasando por Berlín” izena jarri zion egunerokoa taularatu egingo da orain, Fernando Bernues antzerkigilearen zuzendaritzapean. Moldaketak Patxo Telleriarekin batera egin ditu eta bihar Arriaga antzokiko denboraldia irekiko du obrak.

1937. urtean Gernikatik hanka egin zuen Agirrek, Paris aldera ailegatzea helburu. Heriotza saihestuz, bertatik Belgikara jo zuen, eta, gero, Bruselara, Berlinera eta Suediara azkenik. Baina Europa atzean uztea zuen xede; helmuga ozeanoaren bestea aldean zuen. Hamaika pasadizo bizita, Rio de Janeiron hartu zuen lurra. Brasil, Uruguai, Venezuela eta azkenean New York hiria. Panamar baten nortasuna hartu eta kontsul baten azalean sartu zen, besteak beste. Gezurra bidaide salbatu zuen larrua. Eta bizitako 507 egunak eta 507 gauak jasota utzi zituen, alemanek idaztea debekatu zioten arren. Trikimailuetan trebatuta, egunerokoa alabaren panpina batean ezkutatuta etxera bueltan ekartzea lortu zuen Agirrek.

Kasualitatez bere heriotzaren 60. urteurrena betetzen den honetan ailegatu da testuaren moldaketa eta taularatzea. Ideiaren jatorria, Fernando Bernuesek berak GARAri azaldu dionez, urte batzuk atzean dago, Eusko Jaurlaritzaren sorreraren 80 urteak bete zirenean hain zuzen. Hainbat ekitaldi antolatu ziren, baina Agirreren figuraren gainean beste zerbait, eta ezberdina, egiteko gogoa ase gabe gelditu zen.

«Gizon hau amerikarra balitz, hainbat film eta telesail eginak leudeke bere bizipenekin. Susmoa daukat ez dugula behar bezala ezagutzen pasa zituenak, benetan bizitza epikoa izan zuen», azaldu du. Bernuesek ere, onartu duenez, ez zuen bere osotasunean ezagutzen eta haren figurara hurbildu zenean «harrituta» gelditu zen. «Egin zuenak transzendentzia izugarria zuela iruditu zitzaidan, bai maila politikoan bai humanoan. Bere militantzia politikotik eta akordioak lortzeko gaitasunetik harago, giza eskubideetan sustraitutako Europa desiratzen zuen, eta migratzaileekiko zuen begirada… Garai hartako hainbat bizipenek sekulako gaurkotasuna dute», dio Bernuesek.

Egunerokoa oso mamitsua da eduki aldetik eta moldaketarako atalik garrantzitsuenak hartu dituzte. Agertokian Iñaki Rikarte aktorea arituko da, Agirreren azalean, eta pianoan Iñaki Salvador. Atzean, bereziki obrarako sortu den ikus-entzunezko pieza bat. Tartean, Agirrek egunerokoan aipatu zituen pertsonak iradokiko dituzte, off-eko ahotsak baliatuz, dela bere emaztea, garaiko gobernukideak eta jendarme alemaniarrak.

Pertsonaiarekin bidaiatu

Interpretazioari dagokionez, «oso lan gogorra» dela aurreratu digu Rikartek, izan ere, bizipenak irakurriak izateko idatzi zituen Agirrek, ez kontatuak izateko. Jada egokitutako testu batetik abiatuta landu du Agirreren pertsonaia eta, errezitaldia baino, interpretazio bat da. Iraganeko testuak orainaldian kontatuko ditu, lehen pertsonan. «Ikusleek pertsonaiarekin batera bidaiatzea da helburua, pasadizoak, beldurrak eta desioak harekin batera partekatzea. Batez ere Agirre pertsona ezagutu ahal izango dugu. Euskal Herria utzi zuenean politikaria izaten jarraitu zuen, baina, neurri handi batean, mezulari bilakatu zen eta, aldi berean, pertsonaia sinbolikoago bat. Berak egunerokoan aitortu zuenez, aberririk gabeko zorigaiztoko gizon bat sentitzen zen».

Estreinaldia urriaren 1ean eta 2an izango da, Bilboko Arriagan, eta jarraian bisitatuko dituzte beste antzoki batzuk, lehenengo Donostia, urriaren 3an, aurrerago Getxo eta Gasteiz.