NAIZ
BAIONA

Paperik gabekoen Elkartasun Martxarekin bat egin dute Baionan

Pariseko kaleak paperik gabeko herritar eta migranteen aldeko elkartasunez lepo bete diren une berean, gaur arratsaldean ehunka lagunek Baionan manifestazioan atera dira. Goizean Hendaiako CRA zentroaren aurrean, itxi dezatela eskatu dute ere herritarrek.

Migratzaileen eskubideen aldeko manifestazioa Baionan. (Bob EDME)
Migratzaileen eskubideen aldeko manifestazioa Baionan. (Bob EDME)

Paperik gabekoen egoeraren erregularizazioa, atxikitze zentroen desagerpena (CRA, frantsesez) eta bizi baldintza duinak eta egoitzak denentzat dira, labur bilduta, gaur arratsaldean Baionako Roland Barthes plazartik atera den Etorkinekin kolektiboak deituriko manifestazioaren eskaera nagusiak.

Joan den larunbatean, Hexagonoko hiru puntuetatik atera ziren hiru adar bat egin dute gaur, 14.00etan, Parisen eta Eliseoko bidea hartu dute. Kaleak, lepo. Elkartasun Martxa honek plazaratutako aldarriekin bat egin nahi izan dute, beraz, Lapurdiko hiriburuan elkartu diren ehunka herritarrek.

Goizean, Hendaian kokatutako CRA zentroren aurrean behingoz itxi dezatela eskatu dute. Bidasoaren hegoaldetik SOS Arrazakeria, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Irungo Harrera sarearen babesa jaso du ekimenak.

Etorkinekin kolektiboko kidea den Amaia Fontangek Hendaian bertan aipatu zuenez, ekimen honekin Elkartasun Martxarekin bat egitea dute xede; «Guk, Euskal Herritik, nahi dugu mezu hau igorri: gure elkartasuna erakutsi nahi diegula eta, era berean, gogorarazi nahi dugu hemen aterpetzen ditugula 200 bat emigrante».

Adin txikikoak dira batzuk Fontagek aipatutako babesa jasotzen duten paperik gabeko migranteek. Babes sare honetan Ipar Euskal Herriko hainbat herritar babesten dituzte beraien etxeetan.