
«Bidegurutze batean gaude lagunok. Aurrera egiten ez badugu atzera egingo dugulako. Indar espainolisten oldarraldiaren aurrean independentziaren alde borrokatzea delako bide bakarra. Garaiotan ez dagoelako erdibiderik. Ausardiaz eta konpromisoz, posizionatzeko garaia da, antolatu eta borrokatzeko garaia da».
Hala adierazi dute Ernaiko kideak diren Eider Bueno eta Alez Diezek Bilboko Alde Zaharrean dagoen Zamudioko Atarian. Bertan amaitu da erdiguneko kaleak zeharkatu dituen manifestazioak. Plaza Eliptikotik atera eta Albiako Lorategietara joan dira gazteak, EAEko Auzitegi Gorenaren aurrean igaro dira, eta EAJren egoitzaren ondoan izan dira ere.
Ondoren espainiar Itsas-komandantziaren eraikinera hurbildu dira. Erre egin dute espainiar bandera eta ‘Alde hemendik’ leloa zuen pankarta zabaldu dute. Gero Kale Nagusira joan dira, eta koltxoi batean pintada bat egin dute etxebizitzen garestitzea salatzeko. Arriagako zubia zeharkatu dute eta Alde Zaharrean sartu dira, hitzaldi batekin manifestazioari amaiera emateko Zazpikaleetan.
Ohartarazi dutenez, «garai zailak bizi ditugu, ideia erreakzionarioak bueltan dira, barruarte sartu dira munduko hainbat txokotan». «Indar erreakzionarioak Euskal Herrian ere sartu nahian dabiltza. Emakumea menpeko subjektu bihurtu duten diskurtsoak bolo bolo dabiltza sare sozialetan. Euskarak bultzada berri bat behar duenean haren kontrako oldarraldiari ekin diote indar espainolistek. Botere mediatikoek eta indar aparatuek sarritan jartzen dituzte gazte etorkinak jopuntuan, kolektibo oso bat kriminalizatuz. Eta isunekin ito nahi izan dute gazteria borrokalaria».
«Baina haien zoritxarrerako zutunik jarraitzen dugu, eta gero eta gehiago gara. Frankismoaren errautsetatik jaiotako belaunaldi oso batek herri hau berriro altxatu zuen modu berean, gure belaunaldiak askapen prozesua muturreraino eramatearen konpromisoa hartu du. Eutsi zutenen omenez, guri irabaztea dagokigu», gaineratu dute.
«Borrokan dabilen» hiria
Halaber, gazteria euskaldun eta euskaltzalearen hiri-eredua aldarrikatu dute. «Auzolanarena, hezkuntza euskaldun baten alde kaleak hartzen dituena, saldu nahi diguten hiri-eredu kapitalistari ateak ixten dizkiona, espainolismo ultra borrokatu eta faxismoari lekurik ere uzten ez diona, zaintza-sistema publikoaren aldeko borrokan dirauena, euskararen aurkako oldarraldi politiko eta judiziala etengo duena».
Larunbat honetan «hirian botere mediatiko, judizial eta politikoa kontzentratzen den zabalguneko kaleak hartu eta bestelako Bilbo bat irudikatu dugu. Auzoko ehun komunitarioan lanean dabilena, egunerokotasunean Bilbo euskaldun eta faminsta baten alde egitenduena, bestelako aisialdi eredu bat eraikitzen duena. Borrokan dabilena».
«Eta martxoaren 17an ere kalera aterako gara greba orokorrera, ozen esatera hemen badagoela gazteria bat, eskubide sozialen alde borrokatzen duena, soldata duin baten alde borrokatzen duena eta bizi-baldintza duinen aldeko barrikadan egongo dena», azpimarratu dute eta ozen esan dute «gurea Bilbo antifaxista, feminista, euskaldun eta sozialista» dela.
«Beraz ekin eta bultza gazte. Ekin eta bultza. Ekinez independentzia lortuko dugulako», nabarmendu dute Ernaiko kideek.

Azken sanferminetako txupinazoan izandako errepresioa salatu dute zenbait eragilek

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Ocho de los Filton24 mantienen la huelga de hambre como protesta por el genocidio en Palestina

Llaman a celebrar el 7 de febrero en Gernika la victoria popular frente al Guggenheim Urdaibai

