Mikel Zubimendi
Donostia
Entrevue
Iñigo Gorostola
Pilotaria Floridan

Iñigo Gorostola: «Kinielan? Bidenen alde, baina minimoa, e! 10 dolar, gehiago ez»

Iñigo Gorostola Arrieta pilotari durangarrak adeitsu eta natural erantzun die 7k-ren galderei telefonoz. Floridako Fort Lauderdalen kokatua den Dania Jai Alai pilotalekuan jokatzen du eta AEBetan diharduten zesta-puntisten Ijapa sindikatuko lehendakariordea da.

Iñigo Gorostola. (NAIZ)
Iñigo Gorostola. (NAIZ)

Gorostolak ez dauka dudarik: «Tentsio izugarria dago. Zaila da jakitea giroa baretuko den ala ez, baina esango nuke demokratek irabazten badute denboraldi baterako iskanbila egongo dela, errepublikanoak abisatzen ari direlako ez dutela amore emango. Bestela gertatzen bada eta demokratek galtzen badute, uste dut hauteskunde kontuan behintzat lasaitasun handiagoa egon daitekeela. Gero herriarekin gertatuko dena, hori beste kontu bat da».

Inork ez du zalantzan jartzen aurtengo hauteskundeak oso bereziak direla, ezta?
Bereziak baino, ezberdinak. Nik ez dut sekula ikusi orain bezalako giroa eta tentsioa ez herritarren artean, ez hautagaien artean, alderdi politikoen artean eta, nola ez, telebista ezberdinetako kateetan. Izugarrizko tentsioa dago, kasualitatez tokatu diren gertakizunak ia-ia denak batera gertatu direlako, eta gertakizun horiek zerikusi handia izango dute hauteskundeen emaitzarekin. Argi dago pandemiak kalte izugarriak ekarri dituela mundu osoan eta esan daiteke era batera edo bestera pertsona guztiei eragin diela. Azkenean horrek karga bat sortzen du pertsonarengan, eta tentsioa areagotzen du.

Eta hausnarketa hau gaineratzen du:
Sare sozialak ere honelako kasuetan ez dut uste oso lagungarriak direnik, eta argi dago haserre handiak sortu izan direla lagunen artean eta senideen artean azkenengo hilabete hauetan. Presidentea oso polemikoa da eta jada ia 4 urtean egon dira tentsio momentuak. Baina orain gehitzen badiozu arrazismoaren kontua eta gainera pandemiari aurre egiteko modua, ba gauzak larriago jartzen ari dira». Posta bidezko botoari ere begiratzen dio Gorostolak: Nahiko polemikoa da. Beti esaten dute iruzurrak egoten direla boto horiekin, baina baldintza normaletan ez dira hainbeste boto postaz ematen. Gaur egun gertatzen ari denarekin jende asko botoa postaz ematen ari da eta errepublikanoak jada zalantzan jartzen ari dira boto horien segurtasuna. Horregatik uste dut errepublikanoek galtzen badute iskanbila handia egongo dela.



Eta Floridan zer? Sarritan esaten da han egon daitekeela jokoan azken emaitza.
Egia da, Florida oso estatu klabea da. Normalean errepublikanoa izaten da, nahiz eta Obamak irabazi zuen hauteskunde bietan demokratek irabazi zuten Floridan. Oker ez banago, historian zehar Florida irabazi duen alderdiak beti irabazi izan du Hauteskunde Orokorra. Beraz aurtengoa ez da salbuespena izango. Uste dut oso lehia gogorra eta estua izango dela Floridako kontua. Barruak esaten dit demokratek irabaziko dutela, baina argi eta garbi dago ez dela erraza izango;  izan ere, Floridan Trumpek lotura asko eta jarraitzaile asko ditu.

Eta nola bizi dute tentsio hori guztia Floridan diharduten euskal pilotariek?
Tentsioa izugarria da. Baliteke gu bizi garen lekuan hainbestekoa ez izatea, ez garelako hiri handi batean bizi, baina telebistan Estatu Batuetako hiri handi askotan ikusten diren liskarrak benetan tristeak dira. Arrazismoaren kontua oso kontu ‘beroa’ da gaur egun Ameriketan, azkenengo hilabeteetako gertakizunak direla eta. Orain dela urte bi gertatu izan balira, ba gaur egunerako lasaituta egon zitekeen kontua, baina kasualitatez hauteskunde urtean gertatuta, politikariek derrigor heldu behar diote kontu horri beraien kanpainetan; are gehiago, kirol munduan kirolariak zenbat aldarrikapen egiten ari diren kontuan hartuta.

Hortaz, esan daiteke pilotarien artean giroa nahiko lasai dagoela, ezta?
Uste dut gehiengoak ez diola politikari kasu handirik egiten. Gure eguneroko bizimoduan ez gaitu asko baldintzatzen alderdi bat edo bestea egoteak. Gehienbat da mundu osoa hitz egiten ari delako politikari buruz eta beste kontu gutxi dago telebistan; beraz, normala da horri buruz hitz egitea, baina bestela ez nuke esango inolako beldurrik edo tentsiorik dagoenik gure artean. Gainera, gehienok euskaldunak izanda, kasu gutxi egiten diogu Ameriketako politikari.

Eta kiniela egin beharko bazenu?
Esango nuke Bidenek irabaziko duela. Hori bai, zenbat diru da arriskatu behar den? Minimoa, 10 dolar. Gehiago ez e! Kar, kar, kar… Pandemia etorri aurretik argi ikusten nuen Trumpek irabaziko zuela, baina uste dut pandemiari aurre egiteko moduak kalte egin diola Trumpi eta zaila izango duela horri buelta ematea.